Mundua -
AEB
Bidenen komunikazio taldea emakumeek bakarrik osatuko dute
AEBko historian lehen aldiz, zazpi emakume izango dira talde horretan: Jen Psaki Prentsa idazkaria edo Kate Bedingfield komunikazioburua, besteak beste.
Agentziak | Erredakzioa
Joe Biden AEBko presidente hautatuak bere komunikazio taldea aurkeztu du igandean, eta herrialde horretako historian lehen aldiz, emakumez osatuta egongo da. Bidenen hitzetan, zazpi emakume "anitz" eta "eskarmentudunek" osatuko dute taldea "herrialdearen antzekoa den administrazio bat eraikitzeko helburuz".
Hautatuen artean, Jen Psaki Prentsa idazkaria izango da. Presidentetzarako azken hiru kanpainetan egon den aholkulari politikoa da, eta Obamaren bi agintaldietan hainbat kargu izan ditu; besteak beste, Etxe Zuriko Komunikazio zuzendari eta Estatu Departamentuko bozeramailea izan da.
Kate Bedingfield Etxe Zuriko Komunikazio arduraduna izango da. Obamaren agintaldian, Bidenen Komunikazio zuzendaria izan zen, eta baita Komunikazio zuzendariaren ondokoa eta Hedabideekiko Harremanterako zuzendariordea ere.
Elizabeth E. Alexanderrek Jill Biden lehen damaren Komunikazio zuzendaria izango da. Aurrez, Bidenen prentsa idazkaria (Obamaren lehen agintaldian) eta fiskal federala izan zen. Ashley Etienne, berriz, Kamala Harrisen Komunikazio zuzendaria izango da. Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentearen aholkulari ohia da Etienne.
Bidenen Komunikazio taldea osatzeko, Karine Jean Pierre Bidenen aholkulari eta Harrisen kanpainako pertsonal burua izandakoa Prentsa idazkariorde izango da; Symone Sanders, Harrisen bozeramaile, eta Pili Tobar, Etxe Zuriko Komunikazio zuzendariordea. Tobarrek eskarmentu handia du migrazio gaietan, eta komunitate hispanoaren alorrean.
Emakume gehiago kargu garrantzitsuetan
Komunikazio taldean ez ezik, beste alor batzuetan ere nabaria da emakumeen presentzia. Janet Yellen Obamaren agintaldiaren azken urteetan Erreserba Federaleko presidente izandakoak Altxor Publikoko Idazkaritzaren ardura hartuko du.
Linda Thomas-Greenfield, Obamaren administrazioan Estatu idazkariaren ondokoa izandakoa, NBEn AEBko enbaxadore izateko aukeratu du Bidenek. Azkenik, Avril Haines AEBko Inteligentzia zerbitzuko zuzendari izendatuko du; erakunde hori zuzentzen duen lehen emakumea izango da.
Dena dela, karguok Senatuan onartu behar dituzte, eta Ganberaren kontrola ziurtatu gabe jarraitzen dute demokratek.