Mundua -
KORONABIRUSA
Alemaniak urtarrilera arte luzatuko ditu COVID-19ari aurre egiteko murrizketak
Hala ere, neurriak malgutu egingo dituzte Gabonetan, abenduaren 23tik urtarrilaren 1era bitartean. Tarte horretan, gehienez hamar pertsona bildu ahalko dira, 14 urtetik beherakoak kontatu gabe.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alemaniak "urtarrilaren hasierara arte" luzatuko ditu COVID-19ari aurre egiteko gaur egun dauden murrizketak (ostalaritzaren, antzokien eta aisialdiaren itxiera). Hala ere, neurriak malgutu egingo ditu Gabonetan, abenduaren 23tik urtarrilaren 1era bitartean. Agintariek onartu dute Gabonak aurten zailak izango direla.
Zazpi ordu baino gehiago bilduta egon ostean, Merkelek eta estatu federaletako lehen ministroek COVID-19aren kutsatzeak gutxitzeko neurri gehiago adostu dituzte, baina abenduaren 23tik urtarrilaren 1era bitartean neurri horiek arindu egingo dira.
Abenduaren 23ra arte gehienez bost pertsonako bilkurak onartuko dituzte, 14 urtetik beherakoak kontatu gabe.
Hala ere, abenduaren 23tik Urteberri egunera arte, bizikide ez diren bi familia unitateko hamar pertsona bildu ahalko dira gehienez, eta kasu horretan ere 14 urtetik beherakoak kontaketa horretatik kanpo geldituko dira.
Gabonetako garai hori salbu, pandemiagatik ezarritako murrizketak (ostalaritzaren, antzokien eta aisialdiaren itxiera) "urtarrilaren hasierara arte" egongo dira indarrean.
Pandemia arautzen duen Alemaniako legeak neurriak lau astez luzatzea ahalbidetzen du. Gauzak horrela, lehenik eta behin abenduaren 20ra arte luzatuko dira, eta ondoren, bigarren luzapen bat izango da.
Gainera, zazpi egunetan 100.000 biztanleko 200 positibo dituzten eskualdeetan, neurri murriztaile gehiago hartuko dira.
Merkelen esanetan, azaroaren hasieran onartutako neurriek "arrakasta partziala" izan dute, baina azpimarratu du "inola ere ezin garela pozik egon". Ildo horretan, eta infekzio berrien kopurua handia dela aintzat hartuta, pandemiaren aurkako borrokan "ahalegin handiagoa" eskatu du.