Mundua -

KORONABIRUSA

COVID-19aren txertoa modu orekatuan banatzeko akordioa lortu dute G20ko estatuek

28.000 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten dute G20koek, txertoaren banaketa unibertsala bermatzeko.

Txertoa. Artxiboko argazkia: EFE
Txertoa
Txertoa. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko 20 ekonomia indartsuenek, G20koek, herrialde txiroenen artean COVID-19aren aurkako txertoa modu orekatan banatzeko konpromisoa hartu dute, Saudi Arabiak antolatuta bi egunez egin duten bilera telematikoan.

Goi-bileraren amaieran adostutako adierazpenaren arabera, G20koek 28.000 milioi euroko inbertsioa egingo dute txertoaren banaketa unibertsala bermatzeko. 28.000 milioi horietatik 4.200 milioi urte honen amaieran jarriko dituzte.

Hala ere, testuak ez du jasotzen nazio behartsuenen egoera arintzeko neurri berririk, hainbat parte-hartzaileren agendako puntu garrantzitsuenetako bat zen arren.

Azken adierazpenean, azken urtean herrialde ahulenekiko neurriak errepikatu baino ez ditu egin G20 taldeak. Esaterako, zorraren ordainketa 2021eko ekainera arte etetea jaso dute, NBEk datorren urtearen amaierara arte luzatzeko eskariari muzin eginda.

Bestalde, garatu gabeko herrialdeen egoera bereziki aztertzea ere eskatu diote Nazioarteko Diru Funtsari.

Koronabirusaren osteko susperraldiak jasangarria izan behar duela ere ondorioztatu dute gobernuburuek. Hala ere, puntu honetan aurreikus zitekeenez, Parisko itunaren aurka gogor egin du Donald Trump AEBko presidenteak.

Azkenik, multilateralismoaren aldeko apustua berretsi dute herrialdeek, hau da, elkarrekintzaren aldeko apustua lehenetsi dute gehienek, protekzionismoa alde batera utzita.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Zer gertatzen ari da munduan? Europako herrialdei buruzko albisteak Gaixotasunak albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Latinoamerikako albisteak Asia Ozeania albisteak Koronabirusaren olatua gaur