Mundua -
KRISI POLITIKOA
Francisco Sagasti izendatu dute Peruko behin-behineko presidente
Peruko Kongresuak Francisco Sagasti liberala hautatu du herrialdeko presidente, Vizcarra kargugabetu eta Merinok dimisioa eman ostean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Peruko Kongresuak Francisco Sagasti Alderdi Moreko hautagai liberala izendatu du Ganberako presidente eta, horrenbestez, herrialdeko behin-behineko presidente. Herrialdea krisi politiko batean murgilduta dago, Kongresuak Martin Vizcarra presidentea kargugabetu eta haren ordezko gisa izendatutako Manuel Merino Kongresuko presidente zenak dimisioa eman ostean. Sagasti 2021eko uztailera arte izango da presidente, orduan amaituko baita legealdia.
"Gaurkoa ez da ospakizun eguna, bi gazteren heriotza ikusi baitugu protestan", adierazi du Sagastik Kongresuko presidente izendatu ostean. Kargua hartu berritan, manifestazio baketsuetan Poliziaren errepresio bortitzik ez izateko, Kongresuak eta Gobernuak "beharrezko guztia" egin behar dutela nabarmendu du.
Kongresuak Sagasti buru duen zerrenda babestu du, baina bera izan da bozketara aurkeztutako bakarra. Sagastirekin batera, besteak beste, Mirtha Vasquez, Luis Roel eta Matilde Fernandez ageri dira zerrendan.
Hautagai liberalaren zerrendak aldeko 97 boto eta kontrako 26 jaso ditu, eta 130 diputatuk osatzen dute Kongresua; beraz, Sagastik Ganberaren babes zabala jaso du.
Bozketaren ondotik, Francisco Sagastik eta Mirtha Vasquezek Parlamentuko presidente eta lehen presidenteorde karguen zina egin dute, hurrenez hurren. Egoera politika tarteko eta Peruko Konstituzioa aintzat hartuta, Sagasti izendatu dute herrialdeko behin-behineko presidente. Horrenbestez, Vasquez izango da Kongresuko presidentea.