Mundua -
ESPAZIOA
SpaceX enpresa pribatuak lau astronauta bidali ditu espaziora
Crew Dragon izeneko kapsula 27 orduz egongo da orbitan Nazioarteko Espazio Estaziora heldu arte. Lau astronautak sei hilabetez egongo dira espazioan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
SpaceX AEBko enpresa pribatuak, NASArekin elkarlanean, lau astronauta bidali ditu Nazioarteko Espazio Estaziora. Crew Dragon izeneko ontzia Floridako Cañaveral lurmuturretik irten da bertan 19:27ak zirenean.
Espaziontzia 27 orduz egongo da orbitan Nazioarteko Espazio Estaziora iritsi arte. NASAko Michael Hopkins, Victor Glover eta Shannon Walker astronautak eta Japoniako Espazio Agentziako Soichi Noguchi kosmonauta sei hilabetez egongo dira espazioan lanean.
SpaceX enpresa pribatuak NASArekin egitea aurreikusi duen sei espedizioetako lehena da gaurkoa. NASAk eta enpresak 2.600 milioi dolarreko kontratua sinatu zuten 2014an.
Gaurkoa enpresa pribatu batek espaziora bidaltzen duen bigarren ontzia da. Maiatzean, Bob Behnken eta Doug Hurley astronautak Nazioarteko Espazio Estaziora joan ziren.
Demo-2 izeneko misioan enpresa pribatu batek izan zuen lehen aldiz jaurtikaren ardura, gobernu baten menpeko espazio agentzia baten ordez.