Mundua -
MENDEBALDEKO SAHARA
Berriz ere Marokoko armadari eraso egin diola iragarri du Fronte Polisarioak
Dozenaka gazte Saharako Armadarekin bat egiten ari dira, bai Polisarioaren lurretan, bai errefuxiatuen kanpamentuetan ere. Marokok gutxietxi egin ditu erasoak eta biktimarik ez dela izan esan du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Fronte Polisarioak jakinarazi duenez, Marokoko Armadaren posizioak bonbardatu ditu, bigarren egunez jarraian, Guerguerat-eko pasabidea bereizteko harresian, Mendebaldeko Sahararen eta Mauritaniaren artean, eta hildakoak ere eragin dituela jakinarazi dute.
"Gerrako bigarren partea" izenburupean kaleratutako ohar batean, "ELPD Sahara Askatzeko Herri Armadak etsaiaren oinarri, babesleku eta hornidura puntuetan eraso egin eta Marokoko Armadari kolpe gogorra" eman diola jakinarazi dute, "baita hildakoak eragin ere". "ELPSk Bagari sektorean zeuden militarrak bonbardatu ditu eta Maahbes eta El Garguerateko sektoreak ere zigortu ditu" azaldu dute.
Ostiralean Marokok Guergueraten egindako erasoaren ostean, 1991n Marokorekin sinatutako bake-akordioa hautsitzat eman du Brahim Ghali Fronte polisarioko idazkari nagusiak eta gerra egoera ezarri du dekretuz.
Gainera, etxeratze agindua jarri du bere kontrolpean diren lurraldeetan, gerrarako prestatzeko. Gatazka honen bilakaeran zerikusia handia izango du Aljeriaren paperak, Polisarioaren babes ekonomiko, politiko eta militar handienak.
Dozenaka gazte ari dira Saharar Armadara batzen, bai Polisarioaren menpeko lurretan baita errefuxiatu kanpamentuetan ere. "Gerra mingarria izanagatik, itxaropena berpiztu" dela sahauriar kanpamentuetan adierazi du Garazi Hach Enbarek euskaldun sahararrak Euskadi Irratian gaur goizean, "91ko bake akordioetan agindutako erreferenduma iritsiko ote den itxaropena", hain zuzen ere.
Marokok ukatu egin du Polisarioarekin izandako liskarretan biktimarik egon denik
Bestalde, Marokok gezurtatu egin du Fronte Polisarioarekin izandako liskarretan biktimarik egon denik. Iturri ofizialek EFE albiste-agentziari adierazi diotenez, "ez da biktimarik izan" segurtasun harresian zehar (Marokok 1980ko hamarkadan altxatu zuen Sahara iparraldetik hegoaldera), Polisarioak horren inguruan emandako informazioa gezurtatuz.
Aipatu iturrien arabera, harresian zehar ere ez da erasorik izan, eta "zenbait liskartxotara" mugatu dituzte gertaturikoak. Hala, erabat ukatu dute Polisarioak Marokoko Armadaren posizioak bonbardatu dituenik.
Marokoko MAP albiste-agentziak kanpaina bat abiatu du Maroko eta Polisarioaren arteko talken inguruan Saharako hedabideek argitaratutako irudiak "faltsuak" direla salatuz, eta munduko beste leku batzuetako gatazketakoak direla esanez.
Oraingoz, inongo erakunde independentek ezin izan du alde baten zein bestearen bertsioa egiaztatu.