Mundua -

Mobilizazioak

Protesta jendetsuak egin dituzte Perun, Merinoren Gobernuaren aurka

Herritarrek salatu dute gobernuburua ez duela herriak aukeratu. HRW gobernuz kanpoko erakundearen arabera, Vizcarra kargutik kentzeak Zuzenbidezko Estatuari "mehatxu" egiten dio.

Protesta jendetsuak egin dituzte Perun, Merinoren gobernuaren aurka
Protesta jendetsuak egin dituzte Perun, Merinoren gobernuaren aurka
Protesta jendetsua Liman, Gobernu berriaren aurka

1:17

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagun atera dira bart kalera Perun, Martin Vizcarra presidente kargutik kendu zutenetik Manuel Merinok zuzentzen duen trantsizio Gobernuaren aurka protesta egiteko.

Merinok karguaren zina egin eta ordu gutxira, herritarrek Peruko kaleak hartu dituzte, laugarren egunez, gobernuburu berria ez duela herriak aukeratu salatzeko, klase politikoaren aldaketa eskatzeko eta ustelkeria gaitzesteko.

Liman, 15.000 pertsona batu dira San Martin plazan egindako protesta jendetsuan. Gainera, Miraflores, Barranco, Lince, San Miguel, Chosica, Comas eta Surco barrutietan ere egin dituzte mobilizazioak, baita Peruko beste zenbait hiritan ere.

"Harrituta nago kaleetan bildu den jende kopuruarekin, horrek argi uzten du gizartea haserre dagoela", esan du Pedro Barreto kardinalak RPP Noticias irrati-katean.

Manifestazioetan "Peru, maite zaitut, horregatik babestuko zaitut" eta "Merino ez da presidentea" gisako oihuak entzun dira.

Human Rights Watchen arabera, Peruko egoerak "mehatxu egiten dio" Zuzenbidezko Estatuari 

Human Rights Watch (HRW) gobernuz kanpoko erakundearen arabera, Martin Vizcarra Peruko presidenteordea kargutik kentzea "mehatxua" da Zuzenbidezko Estatuarentzat. Horregatik, Amerikako Estatuen Erakundeari eskatu dio Kongresuan premiazko saioa deitzea.

Erakunde horren iritziz, Vizcarraren aurkako zentsura-mozioak "berehalako" ondorioak izan ditzake Peruko Auzitegi Konstituzionalean.

Hori horrela, ohar batean, Vizcarra kargutik kentzeko hartutako bidea kritikatu du HRWk, oraindik ere haren kontrako ustelkeria salaketak ikertzen dabiltzalako. "Delitu ezberdinengatik ikertu dituzten Kongresuko hamaika legegile irailean ere saiatu ziren Vizcarra kargutik kentzen, beste arrazoi batzuk tarteko", dio oharrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Peru