Mundua -
AEB-KO HAUTESKUNDEAK
Trumpen gobernuko batzordea: "Historiako hauteskunde seguruenak izan dira"
AEBko Segurtasun Nazionalaren Departamentuak baztertu egin du arlo teknikoan irregulartasunik egotea. Bestalde, Joe Biden presidente hautatuaren garaipena baieztatu da Arizonan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iragan asteko AEBko hauteskundeak "historian egin diren seguruenak" izan dira ikuspuntu teknikotik begiratuta, AEBko Segurtasun Nazionalaren Departamentuaren (DHS) menpeko batzordeak ziurtatu duenez. Are gehiago, baztertu egin du arlo teknikoan irregulartasunak egotea.
"Ez dago frogarik esateko bozketa sistema bakar batek ere botoak ezabatu edo galdu dituela, botoak aldatu dituela edo nolabait kaltetu dituela", adierazi du herrialdeko hauteskunde sistemen segurtasunaz arduratzen den CCG Hauteskunde Azpiegituren Gobernu Koordinaziorako Batzordeak ohar batean.
Hauek dira aipaturiko batzordea osatzen dutenak: Segurtasun eta Azpiegitura eta Zibersegurtasun Agentzia (CISA), AEBko Hauteskunde Laguntzarako Batzordea eta Estatuko Idazkarien Elkarte Nazionala.
Hala ere, funtzionarioak "hauteskunde prozesu osoa berrikusten eta berriro egiaztatzen ari dira". "2020ko hauteskunde presidentzialean emaitza estuak izan dituzten estatu guztiek boto bakoitzaren paperezko erregistroak dituzte, eta horrek aukera ematen du boto-paper bakoitza berriko kontatzeko, beharrezkoa bada", adierazi du batzordeak. Ildo horretan, "edozein akats edo oker identifikatzea eta zuzentzea" posible dela zehaztu du.
Joan den larunbatean Joe Biden presidente hautatu izendatu zutenetik, Donald Trump egungo presidenteak ez du bere porrota onartu eta hauteskunde iruzurra salatu du, frogarik gabe. Halaber, epaitegietako bideari ekin dio, oraingoz arrakastarik gabe.
Biden Arizonan ere nagusi
Joe Biden AEBko presidente hautatuak irabazi zituen iragan asteko hauteskundeak Arizona estatuan, NBC, CNN eta CBS telebista kateek eta The New York Times egunkariak baieztatu dutenez.
Botoen zenbaketa ia amaituta dagoenean, Bidenen eta Trumpen arteko aldea 11.434 botokoa da. Bidenek 1.668.664 boto eskuratu ditu (% 49,4) eta Trumpek, ostera, 1.657.250 boto (% 49,06).
Arizonako garaipena baieztatuta, Joe Bidenek 290 ordezkari lortu ditu presidente izendatzeko beharrezkoak diren 270ak gaindituta. Trumpek, ostera, 217 ditu.
Oraindik ez da zenbaketa amaitu Ipar Carolinan eta Georgian. Lehenengoan Trump aurretik doa eta Georgian, berriz, Biden.