Mundua -
URAKANAK
"Eta" ekaitz tropikalak uholdeak eragin ditu Floridan
Hala ere, AEBko Urakanen Zentro Nazionalak egindako iragarpenaren arabera, ez du berriro ere urakan maila hartuko Mexikoko golkora iritsi arte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Erdialdeko Amerika atzean utzi ostean, "Eta" ekaitz tropikala Florida hegoaldera iritsi da. Uholdeak eragiteaz gain, milaka pertsona argindarrik gabe utzi ditu. Hala ere, NHC AEBko Urakanen Zentro Nazionalak egindako iragarpenaren arabera, ez du berriro ere urakan maila hartuko Mexikoko golkora iritsi arte.
Bertan 22:00ak zirela (04:00ak Euskal Herrian) zabaldutako azken boletinaren arabera, "Eta" Florida hegoaldetik oso gertu zegoen eta 100 km/h-ko haize boladak neurtu dituzte.
Bat kategoriako urakan bihurtzen den arte (Euskal Herrian 18:00ak direnean), "Eta"k "euri zaparrada handiak eta bat-bateko uholdeak" eragingo ditu, bertakoen bizitza arriskuan jarriz. Gainera, haize bolada indartsuei eta itsaso zakarrari aurre egin beharko diete.
Orduek aurrera egin ahala egoerak okerrera egingo duela aurreikusi dute.
Florida hegoaldean, Florida Power Light (FPL) konpainiaren 35.000 bezero baino gehiago argindarrik gabe daude.
Igandean Kuba zeharkatu eta gero iritsi da AEBra. Kuban uholde handiak eragin ditu eta aurretik Erdialdeko Amerika eta Mexiko hegoaldea suntsitu ditu. Gutxienez, 93 pertsona hil eta 171 pertsona desagertu dira.
Ortega presidenteak ez daki "Eta" urakanaren ondorioz zenbat pertsona hil diren Nikaraguan
"Eta" urakanak Nikaragua jo zuen egunean luizi bat gertatu zen Nikaraguan eta gutxienez bi pertsona hil ziren. Daniel Ortega presidenteak, ordea, ez ditu bi heriotza horiek urakanarekin lotu nahi izan.
Iragan urriaz geroztik jendaurrean egin zuen lehen agerraldian, Ortegak ukatu egin du bi meatzari horien heriotzak zerikusia izan duenik urakanarekin. Urakana hilaren 3an sartu zen Nikaraguatik, 4 kategoriako urakan bihurtuta eta orduko 240 kilometroko haize-ufadak eraginez.
"Heriotzak meatze-jardueraren baitan gertatu ziren, baina urakana sartu baino lehen. Badakigu meatzaritza artisaua arrisku handikoa dela", esan du Nikaraguako presidenteak.
Ortegaren hitzek arrabotsa eragin dute sare sozialetan, izan ere, "Eta" urakana Nikaraguan sartu zen goizean bertan hil ziren, eta bere inpaktu-eremuan zeuden, Ipar Karibeko Eskualde Autonomoan, hain zuzen ere.