Mundua -
AEB-KO HAUTESKUNDEAK
Bushek Biden zoriondu du, hauteskunde "justuak" irabazteagatik
Donald Trump egungo presidenteak, ostera, bere porrota onartu gabe jarraitzen du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ameriketako Estatu Batuetan, George W. Bush presidente ohiak Joe Biden presidente hautatu berria zoriondu du iragan astearteko hauteskunde "justuak" eta "osoak" irabazteagatik. Halaber, zorionak eman dizkio Kamala Harris presidenteorde hautatu berriari ere.
"Gure ezberdintasun politikoak ditugun arren, badakit Joe Biden gizon ona dela eta gure herrialdea gidatzeko eta bateratzeko aukera irabazi duela", adierazi du AEBko 43. presidentea izan zenak ohar batean. "Estatubatuarrak fida daitezke hauteskunde hauek justuak izan direla eta euren osotasuna defendatu dela. Emaitza argia da", gaineratu du.
Bushek azaldu duenez, telefonoz hitz egin du presidente hautatu berriarekin eta aurrekoei (Donald Trump eta Barack Obama) eskaini zien gauza bera eskaini omen die: "Otoitz egingo dute zure arrakastaren alde eta ahal dudan guztian laguntzeko konpromisoa hartzen dut".
Bestalde, Trumpen kanpainak egindako ahalegin handia aitortu nahi izan du Texasko politikariak ."70 milioi estatubatuarren botoak irabazi ditu", eta hori "lorpen politiko aparta" dela esan du. Halaber, Trumpek botoak berriro zenbatzea eskatzeko eta helegiteak aurkezteko eskubidea duela azpimarratu du.
Gainera, batasunerako deia egin du: "Gure familien eta bizilagunen onerako, gure nazioagatik eta etorkizunagatik elkartu behar gara. Ez dago herri aske baten borondatearen aurrean amore ematen ez duen arazorik", nabarmendu du.
Bush izan da Biden zoriondu duen Alderdi Errepublikanoko ordezkaririk garrantzitsuena. Alderdi Errepublikanoko beste goi-kargudun batzuek, berriz, Trumpekin bat egin dute eta zenbaketa amaitu arte presidente hautetsirik ez dagoela esan dute.