Mundua -
Estatu Batuak
Bidenek Trumpen "zatiketa" atzean uzteko eta AEB berriro "batzeko" deia egin du
Joe Biden demokratak, Estatu Batuetako presidente hautatuak, garaipena ziurtatu ondoren lehen hitzaldia eskaini du, Kamala Harris presidenteordearekin batera.
Agentziak | Erredakzioa
Joe Biden Estatu Batuetako presidente hautatuak Donald Trumpen Gobernuan nagusi izan zen zatiketa atzean uzteko eta "aukera bat" emateko deia egin die estatubatuarrei.
"Etsipena garaitzeko eta oparotasuneko nazio bat eraikitzeko aukera dugu", esan du demokratak garaipena ziurtatu ondoren eman duen lehen hitzaldian, Wilmingtonen (Delaware), Kamala Harris presidenteorde hautatuarekin batera.
Politikari esperientziadunak herrialdea "batuko" duen agintaria izango dela agindu du, eta ez "zatituko" duena. Hori esatearekin batera, Trumpi botoa eman dioten 70 milioitik gora estatubatuarrei zuzendu zaie.
"Trump presidentearen alde botoa eman dutenei: gaur gauean zuen etsipena ulertzen dut. Nik neuk hauteskunde pare bat galdu ditut. Baina aukera bat eman diezaiogun elkarri. Hitz gogorrak alde batera uzteko ordua da. Tenperatura jaistekoa. Berriz elkar ikustekoa. Elkarri berriz entzutekoa", esan du Bidenek.
Demokraten ospakizunak Wilmingtonen. Argazkia: EFE
15 minutuko hitzaldian, bereziki komunitate afroamerikarrari eman dizkio eskerrak, demokraten primarioetan zein hauteskunde presidentzialetan bere aldeko botoa emateagatik.
"Kanpaina momenturik baxuenean zegoenean, komunitate afroamerikarra nire alde atera zen. Beti lagundu didazue eta nik ere hala egingo dut", esan du presidente hautatuak.
Pandemia kontrolatzea
Gainera, bere etorkizuneko gobernuaren lehen helburutzat koronabirusa kontrolatzea jarri du. Estatu Batuetan 9,8 milioi kutsatze eta 237.000 hildako izan dira.
"Gure lehendabiziko egitekoa COVID-19a kontrolpean jartzea izango da", esan du Bidenek. Astelehenean, pandemiaren kontrako adituen eta zientzialarien lantalde bat osatuko du, bere trantsizio taldearen barruan, urtarrilaren 20tik aurrera martxan jarriko duten estrategia zehazteko.
"Pandemia hau leheneratzeko ahaleginak egin eta konpromisoak hartuko ditut", agindu du.
Jarraitzaile demokratak, hitzaldia ikusten New Yorkeko Times Square-n. Argazkia: EFE