Mundua -

AEB-ko hauteskundeak

Michiganen eta Georgian errefusatu egin dute zenbaketa gelditzeko Trumpen eskaera

Azkeneko datuen arabera, Joe Biden aurretik da Nevadan eta Donald Trumpi aldea murriztu dio Georgian eta Pennsylvanian. Arizonan eta Ipar Carolinan ere dena dago erabakitzeko.

Donald Trumpen jarraitzaileak New Yorken egindako protesta batean. Argazkia: EFE
Donald Trumpen jarraitzaileak New Yorken egindako protesta batean.
Zenbaketa aurrera joan ahala, presidentetza gero eta gertuago du Bidenek

1:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bigarren egunez jarraian, Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeak nork irabazi dituen jakin gabe jarraitzen dugu. Joe Biden demokrata aurretik doa eta ematen du bera izango dela presidente berria, baina Donald Trumpek oraindik ez ditu aukera guztiak galdu.

Trumpek hauteskundeetan iruzurra izan dela esaten ari da behin eta berriro, inolako oinarririk gabe, eta botoen zenbaketa gelditzea eskatu du. Edonola ere, kontaketak normaltasunez aurrera jarraitzen du. Hori bai, inoiz baino boto gehiago eman diren posta bidez eta horrek prozedura luzatzea ekarri du.  

Michigango eta Georgiako auzitegiek errefusatu egin dute gaur Trumpen taldeak giltzarri diren bi estatu horietako boto-zenbaketa gelditzeko jarritako salaketak.

Hala ere, Pennsylvanian errepublikanoen aldeko erabakia hartu du auzitegiak, eta Philadelphiako zenbaketa behatu ahal izango dute ordezkari errepublikanoek.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: AEBko hauteskundeei buruzko informazio guztia

Bost estatutan –Pennsylvania, Ipar Carolina, Georgia, Nevada eta Arizona- oraindik botoak zenbatzen ari dira. Halaber, Alaskan emaitzan zein izan den ere argitu gabe dago. Alabaina, 1968tik hautagai errepublikanoak nagusitu izan dira eta adituek Trumpen garaipena ziurtzat ematen dute, % 50a zenbatuta, botoen % 61,1 eskuratu duela iragarri baitu Fox News telebistak.  

Orduak aurrera doazen heinean, aldaketa txiki batzuk izan dira, baina oraingoz ez da nahikoa Bidenek edo Trumpek irabazi duela esateko.

Arizonan norgehiagoka handia piztu da. Berez, errepublikanoen gotorlekua da, baina oraingoan Alderdi Demokrataren alde egin dezakeela aurreikusi dute. Horrela, bada, AP agentziak eta Fox News-ek Biden gailendu dela zabaldu dute. Beste komunikabide askok, berriz, oraindik dena irekita dagoela esaten dute.   

Asteazken gauean, Trumpen 2.000 jarraitzaile kalera atera ziren Phoenixen "boto guztiak" zenbatu ditzatela exijituz. Azken datuen arabera, Biden doa aurretik, baina Trumpek 69.000 boto jan dizkio.  

Katie Hobbs Estatu idazkariak adierazi duenez, 450.000 boto zenbatu gabe daude oraindik, baina ostegun honetarako espero dituzte behin betiko emaitzak.

Biden Trumpengandik hurbilago, Georgian eta Pennsylvanian

Georgian ere aldaketak izan dira. Trump doa aurretik, baina aldera 18.500 botara murriztu da eta 90.000 inguru geratzen dira zenbatzeko, CBS kateak jakinarazi duenez. Une honetan, Trumpek botoen % 49,6 eskuratu du eta Bidenek % 49,2a.  

Pennsylvanian ere Biden hautagai errepublikanoari hurbiltzen ari zaio. Estatu erabakigarria da 20 ordezkari dituztelako jokoan. Trumpek 182.000 botoko abantaila dauka, baina milioi bat baino gehiago daude zenbatu gabe.

Boto horien gehiengoa Bidenen aldekoak izan daitezkeela uste dute, posta bidez jasotakoak direlako, eta korreoz bidalitako botoen % 63 demokraten aldekoak izan direlako estatu horretan. CNNren arabera, Filadelfian, Pennsylvaniako hiri nagusian, 140.000 boto daude zenbatzeko.  

Trumpek beste salaketa bat iragarri du Nevadan

Nevadan Biden doa aurretik, baina aldea 8.000 botokoa baino ez da. Datozen orduetan zenbaketari buruzko datu berriak emango dituztela espero da.

Edonola ere, agintariek atzo jakinarazi zutenez, hauteskunde egunean emandako boto guztiak zenbatuta daude, baita asteartera arte posta bidez jasotakoak ere. Beraz, egun horretatik aurrera iritsi zaizkienak geratzen omen dira zenbatzeko.

Bestalde, Fox News telebistak aurreratu du Trumpek helegitea aurkeztuko duela ostegun honetan “boto legal guztiak” kontatu ditzatela eskatzeko. Dagoeneko Nevadan bizi ez diren 10.000 lagunek botoa estatu horretan eman zutela dio.

Amaitzeko, Ipar Carolinan nor nagusituko den ere ez dago argi. Momentuz, eta botoen % 94 zenabtuta, Trump doa aurretik (% 50,1). Bidenek, berriz, botoen % 48 eskuratu du.   

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Joe Biden Kamala Harris gaur