Mundua -
Austria
Bost hildako eta 17 zauritu Vienan izandako sei eraso terroristatan
Austriako hiriburuko sei gunetan izan dira tiroketak. Erasotzaileetako bat hil du Poliziak eta beste baten bila ari dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bost pertsona hil eta beste 17 lagun zauritu dituzte astelehen honetan Viena erdiguneko sei puntutan egindako hainbat atentatutan, Barne Ministerioak baieztatu duenez. Hildakoak lau zibil (bi gizon eta bi emakume) eta ustezko erasotzaileetako bat dira. Hildakoez gain, zaurituetako asko larri daude.
Poliziak erasotzaileetako bat hil du, eta azken orduetan identifikatzea eta Vienan duen etxebizitzan indarrez sartzea lortu du. "Estatu Islamikoari bereziki atxikita sentitzen den erradikalizatutako pertsona bat denaren zantzuak daude", esan du Karl Nehammer Austriako Barne ministroak. "Bigarren erasotzaileak ihes eginda jarraitzen du", gaineratu du Karl Nehammerrek.
Austriako Poliziak gertaturikoa ikertzen eta ihes egindako bigarren erasotzailearen bila jarraitzen du. Atentatuan gutxienez bi gizonek parte hartu zutela uste dute, baina ez dute baztertzen gehiago izatea.
08:00ak baino pixka bat lehenago (07:00 GMT), ministroak berak APA albiste agentziari baieztatu dionez, 40 eta 50 urte bitarteko emakume bat hil berri da Vienako klinika batean. Horrekin, bi gizon eta bi emakume hil dira bart, erasotzaileetako batez gain. Bestalde, osasun agintariek baieztatu dutenez, erasoan 17 pertsona zauritu dituzte, horietako batzuk larri.
Nehammer Barne ministroak Vienako erdigunea saihestea eskatu die herritarrei, Poliziaren operazioak zabalik jarraitzen baitu. Goizaldean, hildako erasotzailearen etxebizitza miatu du Poliziak.
Barne Ministerioaren iturriak aipatuta APA Austriako albiste agentziak jakinarazi duenez, etxebizitza miatu ostean "erasotzailearen inguruko" hainbat pertsona atxilotu dituzte.
Gauean zehar egin bezala, Austriako Gobernuak eta Poliziak gertatutakoaren irudiak eta argazkiak ez zabaltzeko eta euren etxeetan egoteko eskatu die herritarrei, agintarien lana errazteko.
Ildo horretan, Nehammerrek gogorarazi du ikasleak salbuetsita daudela hiriburuko eskoletara eta ikastetxeetara joatetik.
Erasoa bart gertatu da, gauerdian koronabirusaren pandemiaren eragina arintzeko konfinamendu berri bat indarrean sartu baino ordu batzuk lehenago.