Mundua -
ZEELANDA BERRIA
Garaipen historikoaren ondotik, bakarrik gobernatu dezake aurrerantzean Ardernek
Zeelanda Berriko lehen ministroak erraz irabazi ditu hauteskunde orokorrak eta inolako aliantzarik gabe agindu dezake. 1996tik ez du beste inork lortu horrelakorik.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroak eta Alderdi Laboristako buruak erraz irabazi ditu larunbatean izandako hauteskunde nagusiak, eta bakarrik edo Berdeekin koalizioan gobernatuko ote duen da orain zalantza bakarra.
Garaipen historikoaren ostean, Berdeekin hitz egin duela jada azaldu du Ardernek eta hiru bat aste edo hartuko dituela hurrengo hiru urteetarako Gobernua osatzeko. "Datorren astean eurekin hitz egin nahi dudala esan nien Berdeei" azaldu du.
Boto-emaileek emandako bozen % 100 kontatuta, laboristek botoen % 49,1 eskuratu dute (Zeelanda Berriko Parlamentuko 120 eserlekutatik 64), 40 urteko politikari estimatua buru dutela. Boto horiekin, berez, ez ez du inolako aliantzarik behar gobernatzeko, eta hori ez du inongo alderdirik lortu 1996tik, hauteskunde legea aldatu zenetik.
Historikoki boterean egon den baina une honetan oposizioan dagoen Alderdi Nazionalak botoen % 26,8 eskuratu ditu: 35 legebiltzarkide (azken hauteskundeetan baino 20 gutxiago).
Berdeek, berriz, botoen % 7,6 lortu dute; 10 eserleku, hain zuzen ere.
Herritarren babes horren atzean bi izan daitezke gakoak: Batetik, COVID-19aren pandemiaren aurrean Ardernek izan duen kudeaketa azkarra eta eraginkorra; eta bestetik, 2019an Cristchurcheko bi meskitaren kontrako atentatuaren aurrean emandako erantzuna.