Mundua -

Gatazka Kaukaso hegoaldean

Su-eten humanitarioa adostu dute Azerbaijanek eta Armeniak Karabakh Garaian

10:00etan hasi da su-etena, eta irauten duen tartean, gerrako presoak eta hildakoen gorpuak elkar trukatuko dituzte.

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa. Argazkia: EFE
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa.
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduetan hobera egin du Armeniaren eta Azerbaijanen arteko gatazkak, eta su-etena sartu da indarrean Karabakh Garaia eskualdean, gurean 10:00ak zirenean (12:00ak han). Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak azaldu duenez, hiru herrialdeetako ordezkariak negoziatzen aritu dira 10 orduz, eta, azkenean, Karabakh Garaiko borrokak "behin-behinean etetea" eta "su-eten humanitarioa" ezartzea adostu dute, "parametro zehatzak beste elkarrizketa batzuetan" adostuko badira ere.

Moskun elkartu dira Lavrov bera, Zograb Mnatsakanian Armeniako Atzerri ministroa eta Ceyhun Bayramov Azerbaijango Atzerri ministroa, Vladimir Putin Errusiako presidenteak hala eskatuta.

"Ondorengoa adostu dute aldeek. Lehenik: helburu humanitarioa izango duen su-etena aldarrikatzeko da urriaren 10eko 12:00etatik aurrera, gerrako presoak eta atxikita diren pertsonak elkar trukatzeko; baita hildakoen gorpuak ere trukatzeko, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen (CICR) laguntzarekin" adierazi du Lavrov ministroak.

Errusiako Atzerri ministroak azaldu duenez, "armistizioaren parametro zehatzak aparte" adostuko dira, baina Armeniak eta Azerbaijanek "negoziazio prozesuaren formatuarekiko konpromisoa adierazi dute".

Hala, bi herrialdeek Karabakh Garaiko gatazkari lehenbailehen irtenbide baketsua emateko negoziaketari ekiteko konpromisoa agertu dutela jakinarazi du Lavrovek, eta lan horretan, OSCEren Minseko Taldearen presidenteen laguntza izango dute.

Gerraren mehatxua gain-gainean, irailaren 27tik

Irailaren 27an berpiztu zen gatazka Karabakh Garaian, eta geroztik Armeniako zein Azerbaijango dozenaka militar hil dira, lurraldearen subiranotasunaren inguruko borroketan. 

Gatazka Sobietar Batasunaren azken garaietan piztu zen, 1988an. Azerbaijango lurraldean zegoen Karabakh Garaia eskualdeak Armeniara batzea eskatu zuen (armeniarrak dira biztanle gehienak). Gerra lehertu zen, eta independentzia lortzeko saiakeran 25.000 bat pertsona hil ziren eta milioi bat zibilek etxetik alde egin behar izan zuten.

Borrokaldien amaieran, 1994ean, Armeniako eta Karabakh Garaiko indar armatuek lurraldearen gehiengoa euren esku egotea lortu zuten, baita muga egiten duten Azerbaijango hainbat eskualde ere, "segurtasun eremu" gisa.

1994ean su-etena ezarri bazen ere, tentsioa hor egon da orain arte eta gatazkak irekita jarraitzen du. Bere garaian Minskeko taldea sortu zen, irtenbide negoziatu eta baketsu bat bultzatzeko. OSCE Europako Segurtasunerako eta Kooperaziorako Erakundeak sortu zuen taldea eta AEBak, Errusia eta Frantzia dira presidenteak. Talde horretan parte hartzen dute Alemaniak, Bielorrusiak, Finlandiak, Italiak, Suediak, Turkiak eta Armeniak zein Azerbaijanek ere.

Azerbaijanek "lurralde okupatuak askatzea" eskatzen du gatazkari konponbidea emateko. NBEko Segurtasun Kontseiluak ere babestu egin izan du eskari hori.

Armeniaren arabera, aldiz, Karabakh Garaian autodeterminazio eskubidea da irtenbidea, eta lurraldeko ordezkariek gatazka konpontzeko negoziazioetan parte hartzea nahi du. 

2020ko oldarraldi honetan, gutxienez 53 zibil ere hil dira Karabakh Garaiko liskarretan, Michelle Bachelet Nazio Batuen Erakundeko Goi Komisarioak adierazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Eguneko albisteak Albisteak