Mundua -

KORONABIRUSA

Murrizketa gehiago Frantzian, COVID-19 kasuen marka hautsi ondoren

Frantziako Gobernuak baieztatu du inoiz baino kasu gehiago atzeman dituztela azken orduetan herrialdean, ia 19.000. Astearteko kasuen kopurua ia bikoiztu da, beraz.

Korrikalaria Parisko kaleetan. Artxiboko argazkia: EFE
Korrikalaria Parisko kaleetan.
Korrikalaria Parisko kaleetan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak "murrizketa gehiago" iragarri ditu herrialdean COVID-19aren pandemiaren harira, osasun agintariek egunez egun gero eta koronabirus kasu gehiago baieztatu ostean: azken orduetan 19.000 inguru.

Frantziako telebistan egindako elkarrizketa batean, Macronek zehaztu du Olivier Veran Osasun ministroak ostegun honetan emango duela arau berrien berri. Gaineratu du  birusa "azkarregi" hedatzen ari den lekuetan izango dutela arau horiek eragina eta Parisen astelehenean ezarritakoen antzekoak izango direla.

"Pandemiak gora egiten jarraitzen du", esan du Macronek, eta COVID-19a adinekoen artean asko zabaltzen dabilela eta gero eta ohe gehiago okupatuta daudela gaineratu du. Horregatik, leku horietan arreta berezia jarriko dutela azaldu du.

Halaber, "herritarrak ahaldundu" nahi dituztela adierazi du. "Ez gaude egoera normal batean, eta honek hainbat hilabetez iraungo du", ziurtatu du. "Arauak zorrotz aplikatzen jarraitu behar dugu. Gizarte arduratsu bat izan behar gara, hau da, geure burua, ahulenak eta gure zaintzaileak zaindu behar ditugu", azpimarratu du.

Frantziako Gobernuak baieztatu du inoiz baino kasu gehiago atzeman dituztela azken orduetan herrialdean, ia 19.000, astearteko kasuen kopuruaren bikoitza ia-ia, 10.500 kutsatze inguru izan baitziren orduan.

Frantziako Osasun Publikoaren azken balantzean arabera, azken 24 orduetan 18.746 kasu eta 80 heriotza izan dira; beraz, pandemia hasi zenetik, 653.509 pertsona kutsatu eta 32.445 hil dira.

Era berean, azken zazpi egunetan 4.625 pertsona ospitaleratu dituzte, horietako 919 zainketa intentsiboetako unitateetan, euren egoera larria dela eta.

Erakundeak gaineratu duenez, agintariak 1.267 agerraldi ikertzen ari dira, aurreko egunean baino 96 gehiago, eta herrialdeko 67 departamendu egoera "larrian" daudela gaineratu du.

Azken asteetan izandako kasuen gorakadaren ondorioz, Paris hiriburua "alerta gune" izendatu dute. Ondorioz, hiriko eta metropoli-eskualdeko tabernak, gimnasioak eta igerilekuak itxi zituzten astelehenean eta, gutxienez, bi astez jarraituko dute hala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Paris azken ordukoa Frantzia berriak Gaixotasunak argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Erizaintza gaur COVIDaren agerraldiak gaur Macronen Gobernua Medikuak