Mundua -
KORONABIRUSA
Regeneron laborategiaren tratamendua doan banatuko duela iragarri du Trumpek
AEBko presidentearen esanetan, Jainkoaren bedeinkapena izan da COVID-19arekin kutsatzea, besteak beste, tratamenduaren "eraginkortasuna" egiaztatzeko aukera eman omen diolako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donald Trump AEBko presidenteak asteazken honetan adierazi duenez, COVID-19arekin kutsatzea "Jainkoaren bedeinkapena" izan da, eta oraindik esperimentatze fasean dagoen Regeneron laborategiaren tratamenduaren "eraginkortasuna" egiaztatu ahal izan omen du. Halaber, tratamendua onartuko duela eta doan banatuko duela erantsi du.
"Kutsatzea Jainkoaren bedeinkapena izan dela uste dut. Hau mozorrotutako bedeinkapena izan da", esan du Trumpek Twitter bidez zabaldutako bideo batean.
AEBko presidentearen esanetan, COVID-19arekin kutsatu izanak aukera eman dio Regeneron laborategiaren koktel esperimentala probatzeko. Erakunde arautzaileak, Sendagaien eta Elikagaien Administrazioak (FDA, ingelesez), oraindik ez du tratamendua onartu, baina Trumpek "sendabidea" dela nabarmendu du.
Trumpek agindu du Gobernuak Regeneron koktela eta sendagai bat erosiko dituela eta doan banatuko dituela. "Zuentzat nahi dut nik izan nuena eta doan izan dadin lan egingo dut. Ez duzue horregatik ordainduko, ez zen zuen errua izan hori gertatzea, Txinaren errua izan zen", hitzeman du presidenteak.
Donald Trumpek, gainera, sendagai horiek "txertoa baino askoz ere garrantzitsuagoak" direla esan du. Dena dela, txertoa azaroaren 3ko hauteskundeen ostean prest egongo dela iragarri du.