Mundua -

Erreferenduma

Kaledonia Berriak berriz esan dio ezetz independentziari

Behin behineko emaitzen arabera, herritar gehienek ez dute Frantziatik bereizi nahi, baina bi aukeren arteko aldea 2018an baino txikiagoa izan da. Parte-hartzea % 85,85 izan da.

Erreferenduma Kaledonia Berrian. Irudia: AFP
Erreferenduma Kaledonia Berrian.
Erreferenduma Kaledonia Berrian. Irudia: AFP

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kaledonia Berriko herritarrek Frantziar Errepublikan jarraitzearen alde egin dute independentzia erreferendum berrian, 2018an baino alde txikiagorekin.

2018an egindako erreferenduma berretsi dute, beraz, 1853ean Frantziak kolonizatutako Ozeano Barearen hegoaldean dagoen artxipelagoan. Botoen % 53,26 ezetzaren aldekoak izan dira, azken galdeketan baino 3 puntu gutxiago.

Kaledonia Berriak burujabetza osoa izatea eta independente bilakatzea nahi duzu? galderari ezetz erantzun diote herritar gehienek. 2018an % 56,7k ezetzaren alde egin zuen, eta 43,3 % baietz bozkatu zuen. Alde hori gehiago murriztu da orain.

Parte-hartzea %85,85 izan da, orain dela bi urte baino handiagoa (% 81,01 izan zen).

Numeako Hitzarmenaren arabera, hirugarren erreferendum bat deitu dezakete 2021 edo 2022an, gai beraren inguruan.

Macronek eskerrak eman ditu eta "apaltasuna" agindu du

Frantziako presidente Emmanuel Macronek eskerrak eman dizkio Kaledonia Berriari Frantzia barruan jarraitu nahi izateagatik.

"Boto emaileek hitz egin dute. Gehiengoak Kaledonia Berriak Frantzian jarraitzearen aldeko nahia adierazi du. Estatuburu bezala, ongietorria ematen diot Errepublikarekiko konfiantza seinale horri, esker onez", esan du.

"Apaltasuna" agindu du Macronek. "Independentzia nahia dutenen ahotsa entzuten dut, eta zera esan nahi diet: zuekin eraiki nahi dut biharko Kaledonia Berria".

Zentzu horretan, bi urteren buruan beste independentzia erreferendum bat antolatzeko konpromisoa beteko duela esan du, Kaledonia Berriko parlamentuak hala eskatzen badu. "Gure historia kolonialaren aurrean gaude. Eta gainditzen saiatzen ari gara, eta ez dugu giltzapean sartzea nahi. Gaur badakigu bidegurutze batean gaudela. Aurretik elkarrizketarako eta etorkizuna imajinatzeko bi urte ditugu", esan du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Ozeania