Mundua -
KORONABIRUSA
Trumpen egoera "oso kezkagarria" da eta "datozen 48 orduak kritikoak" izango dira
Hala jakinarazi die Etxe Zuriak hainbat kazetariri. Bertsio horrek ez du zerikusirik lehen mediku-txostenak zabaldutakoarekin: sukarrik ez duela, oxigenorik ez duela behar eta lanean ari dela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen osasun egoerak zeresana ematen jarraitzen du. Koronabirusean positibo eman eta ospitaleratuta dagoen honetan, "datozen 48 orduak kritikoak" izango direla jakinarazi die Etxe Zuriko "iturri batek" presidentearen informazioa jarraitu ohi duten kazetariei.
"Azken 24 orduetako bizi-zeinuak oso kezkagarriak izan dira eta datozen 48 orduak kritikoak izango dira bere garapena ikusteko. Oraindik ez gaude erabat osatzeko bidean" adierazi du iturri horrek.
Informazio hori erabat kontraesankorra da minutu batzuk lehenago Trump artatzen duen mediku taldeak emandako lehen parte ofizialarekin. Horiek, izan ere, presidentea "ondo osatzen" ari dela adierazi dute.
Sean Conley Trumpen medikuak esan duenez, "presidentea oso ondo dago gaur goizean eta bereziki pozik gaude bere garapenarekin". Shaun Dooley osasun aholkulariak zehaztu duenez, "bere organoen funtzio guztiak behar bezalakoak dira eta ez du arnasa hartzeko arazorik. Bereziki animatuta dago".
"24 ordu daramatza sukarrik gabe eta %96ra saturatzen du; beraz, baikortasun zuhurra izateko moduko diagnostikoa dugu" esan du Conleyk.
Mediku taldeak eman duen prentsaurrekoan, agerian geratu dira hainbat kontraesan; tartean, Trumpek noiz jaso zuen kutsatu zenaren diagnostikoa eta zer egin zuen ondorengo egunetan. Gaur jakin da, hain zuzen ere, AEBetako hauteskunde eztabaidan parte hartu zuten 11 pertsona kutsatu direla.
Albistea zabaldu eta CNN bezalako komunikabideek oihartzuna eman ondoren, Donald Trump presidentearen kontu ofizialak txio bat bota du ospitaleratuta dagoen zentroko mediku eta erizainei eskerrak emanez eta "euren laguntzarekin ongi sentitzen" dela gaineratuz.