Mundua -

Grezia

Sute batek ia erabat kiskali du Moriako errefuxiatu-eremua

Ikusteke dago biktimarik ote dagoen, suhiltzaileak ez baitira oraindik karpetara sartu. Koronabirusa tarteko, liskarra sortu da errefuxiatuen artean, eta ondoren piztu dira garrak.

Haizearen ondorioz garrak azkar zabaldu dira. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Sutea izan da Moriako errefuxiatu-eremuan.
Moriako errefuxiatuen guneak su hartu du, liskar baten ondorioz

0:16

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sutea izan da bart Moriako errefuxiatu-eremuan (Lesbos uhartea, Grezia) eta garrek ia erabat kiskali dute 13.000 pertsona hartzen dituen gunea. Greziak larrialdi egoera ezarri du Lesbosen.

Oraingoz ez dago biktimen berri, baina suhiltzaileak ezin izan dira karpetara eta etxebizitza gisa erabiltzen diren edukiontzietara sartu.

Yiannis Mastroyiannis Moriako alkateak azaldu duenez, liskarra sortu da koronabirusak jota dauden 35 pertsona isolamendu zentro batera eramaten saiatu direnean.

Horren esanetan, sesioa eduki duten errefuxiatuetako batzuk suteak piztu dituzte, eta garrak azkar batean zabaldu dira. Dendak eta edukiontzi asko txikituta geratu dira.

Skai telebista kateari egindako adierazpenetan, Mastroyannis zehaztu du sutea kontrolpean hartzea lortu dutela, eta eremutik ihes egin duten pertsona gehienak Moria herri inguruetan daude.

Badaezpadako neurri gisa, Poliziak Mitilene hiriburuko sarbideak itxi ditu (Moriatik zortzi kilometrora dago), milaka lagun hara jo dutelako. Helburua osasun larrialdia saihestea da, errefuxiatu-gunea berrogeialdian zegoelako, agerraldi bat tarteko.

13.000 lagunentzako toki baten bila

Manos Logothetis Greziako errefuxiatu-eremuetarako gobernu arduradunak zehaztu duenez, gunea erabat hustu dute, baina orain erronka da bertan bizi ziren 13.000 lagunentzako bizitokia topatzea.

Greziako egunkarien arabera, behin betiko irtenbide bat aurkitu arte gertu dagoen hondartza batera eramatea da asmoa.

Hain justu, Europako Batzordeak iragarri du diruz lagunduko dituela errefuxiatu-eremuan zeuden bidaiderik gabeko 400 ume eta nerabe Greziara eramateko eta han bizitokia topatzeko lanak.

"Finantzazioa adostu dut bidaiderik gabe Morian zeuden 400 adingabeak kontinentera berehala eramateko eta ostatu emateko. Lehentasuna Morian bizi ziren pertsonen segurtasuna eta babesa da", esan du Ylva Johansson Europako Barne komisarioak Twitterren duen kontuan.

Gobernuz kanpoko erakundeek aspaldi egin zuten ohartarazpena

Duela astebete atzeman zuten lehen koronabirus kasua Morian, eta atzo 35 positibo baieztatu zituzten. Horiek isolatzeko agindua eman ostean sortu da liskarra, eta gerora, sutea. Positibo eman duten pertsonetatik bakarrak ditu sintomak.

Gobernuz kanpoko erakundeek hilabeteak daramatzate errefuxiatu-eremuan dauden osasun baldintza kaskarrak salatzen, eta pertsona zaurgarrienak bertatik ateratzeko eskatu dute behin baino gehiagotan. Pandemia lehertu zenetik, 1.000 lagun baino gehiago eraman dute Grezia barrualdera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Suteak Grezia Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Errefuxiatuak Koronabirusa