Mundua -

Serbia eta Kosovo

Harreman ekonomikoa normalizatzeko akordioa egin dute Serbiak eta Kosovok

Serbiako eta Kosovoko buruzagiek Donald Trumpen bitartekaritza lana eskertu dute eta itun ekonomikoa "urrats handia" dela azpimarratu dute.

Serbia eta Kosovoko buruzagiak, Donald Trumpen ondoan. Argazkia: EFE
Serbia eta Kosovoko buruzagiak, Donald Trumpen ondoan.
Serbia eta Kosovoko buruzagiak, Donald Trumpen ondoan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak eta Avdullah Hoti Kosovoko lehen ministroak bi herrialdeen arteko harreman ekonomikoa normalizatzeko ituna sinatu dute gaur Ameriketako Estatu Batuetako Etxe Zurian, Donald Trumpen aurrean.

Kosovok 2008an aldarrikatu zuen independentzia aldebakarrez. Akordioak esparru ekonomikoari eragiten dio soilik, baina ituna hurbilketa garrantzitsutzat jo dute.

"Serbiak eta Kosovok harreman ekonomikoa normalizatzeko konpromisoa hartu dute", adierazi du Trumpek, bi buruzagiak ondoan zituela. Richard Grenell Balkanetarako bidali berezi estatubaurrak egin ditu bitartekari lanak, eta bere iritzian, gaur sinatutako akordioaren ondotik itun politiko zabalago bat lortzeko atera ireki da.

Grenellek egindako lana goraipatu du Trumpek, eta erantsi du gaurkoa "egun historikoa" dela.

Vucicek AEBen ekarpena nabarmendu du eta Trump Serbia bisitatzera gonbidatu du. Hotik, berriz, gaurko itunak "urrats handia" suposatzen duela azpimarratu du.

Israeli keinuka

Bestalde, Serbia eta Kosovoren arteko negoziaketak Benjamin Netanyahuri mesede egiteko baliatu ditu Trumpek.

Horrela, bada, Kosovok Israelekin harreman diplomatikoak izatea onartu du, eta Serbiak merkataritza bulego bat eta enbaxada bat irekiko ditu Jerusalemen.

"Serbiak mugimendu ausarta eta historikoa egin du; laster nazio islamiar eta arabiar gehiago joango dira (Jerusalemera)", idatzi du Trumpek Twitter sare sozialean.

Netanyahuk ere eskertu du bi herrialde horiek Jerusalem Israelgo hiriburutzat onartu izana, eta etorkizunean Europako estatu gehiagok hala egingo dutenaren itxaropena agertu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Israel Serbia 2024