Mundua -
Bielorrusia
Lukashenko presidentearen aurka manifestatu dira berriro Minsken
Hauteskunde-iruzurra eta oposizioari errepresioa egin izana leporatu diote milaka herritarrek. Oposizioak hauteskundeak berriro egitea eskatu du, baina aukera hori erabat errefusatu du presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alexander Lukashenko Bielorrusiako presidentearen aurkako beste protesta jendetsu bat izan da igande honetan herrialde horretako hiriburuan, Minsken alegia. Hauteskundeetan iruzurra eta oposizioari errepresioa egin izana leporatu diote manifestariek. Tentsio handiko unea bizi dira Sobietar Batasuneko errepublika ohian.
Independentzia plazan bildu dira herritarrak, "Uchodi!" oihupean ("Alde hemendik!"). Bitartean, segurtasun indarrek ohartarazi dute manifestazioa egiteko baimenik ez dutela, eta metro-sarrera guztiak itxi dituzte.
Barne Ministerioak gogoratu duenez, manifestazioa "legez kanpokoa da eta, oroitagarrien edo azpiegitura militarren aurkako erasoak egonez gero, "zigorrak" izango direla abisatu du.
Abuztuaren 22az geroztik Bielorrusiako Indar Armatuak borrokarako prest daude, azken 25 urteetan izandako aurrekaririk gabeko egoera dena, Lukashenko presidenteak berak azpimarratu duenez.
Abuztuaren 9an izandako Bielorrusiako presidentetzarako hauteskundeen emaitza ofizialen arabera, Lukashenkok bozen % 80,1 lortu zuen eta Svetlana Tijanovskayak, berriz, botoen % 10,12. Gainerako hiru hautagaiek bozen % 4 inguru eskuratu zuten guztira.
Bielorrusiako oposizioak hauteskundeak berriro egitea eskatu du, baina aukera hori erabat errefusatu du Lukashenkok. Oposizioak hauteskunde-iruzurra salatu du, eta nazioarte mailako herrialde gehienek ez dute Lukashenko presidentetzat aitortzen.