Mundua -
Bielorrusia
Lukashenkok gogor erantzun dio oposizioari, eta protestak areagotu dira kalean
Lukashenkok hauteskundeak errepikatzeko aukera baztertu du Minsk hirian egindako agerraldi jendetsuan. Bitartean, 200.000 pertsonak baino gehiagok "askatasunaren martxan" parte hartu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Alexandr Lukashenko Bielorrusiako presidenteak agerraldi jendetsua egin du Minsk hirian, eta gogor erantzun die bere aurkariei. Oposizioak, berriz, agintariaren aurkako presioa areagotu du, manifestazio eta martxa jendetsuak eginez hiriburuan eta herrialdeko beste hiri askotan.
Zortzigarren protesta egunean, Lukashenko bere hautesleengana zuzendu da, orain arteko jokabidea aldatuz. Izan ere, Bielorrusiako presidentea oposizioari erantzutera mugatu da azken egunetan, gobernuko goi-kargudunekin egindako bileren ostean.
"Jainkoaren aurrean bezala nago hemen. Hauteskundeak egin ziren, eta ezin da % 80ko iruzurra egin", esan du agintariak, joan den abuztuaren 9an egindako hauteskundeetan emaitzak faltsutu izanaren salaketak gezurtatuz.
Minskeko Independentzia plazan egindako mitinean 70.000 pertsona inguru bildu dira, eta bertaratu diren herritar asko autobusez iritsi dira, beste hiri batzuetatik.
"Herrialde eder bat eraiki dugu, bere zailtasun eta akatsekin. Nori eman nahi diozue agintea? Norbaitek herrialdea entregatu nahi badu, ez dut onartuko", esan du Lukashenkok, eta presidentetzarako hauteskundeak berriro egitea baztertu du.
Bielorrusiako presidenteak 26 urte daramatza jada agintean, eta, abuztuaren 9ko hauteskundeen bezperan, haren burua Bielorrusiako estatuburu gisa besterik ez zuela ikusten azpimarratu zuen. Testuinguru horretan, presidentetzarako hauteskundeak errepikatzeak "estatu eta nazio gisa Bielorrusiaren amaiera" ekarriko lukeela azpimarratu du.
"Tankeak eta hegazkinak gure mugetatik 15 minutura daude. NATOko tropek ate ondoan dituzte tankeak. Lituaniak, Letoniak, Poloniak eta, tamalez, gure Ukraina maiteak ere, hauteskundeak errepikatzeko eskatzen digute. Alabaina, haien eskara aintzat hartzen badugu, maldan behera joango gara", ziurtatu du Lukashenkok.
Lukashenkok Vladimir Putin Errusiako presidentearen babesa jaso du, eta bi agintariek bi elkarrizketa izan dituzte egun bakarrean telefono bidez.
Bitartean, 200.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Minsk hiriko erdigunean amaitu den "askatasunaren martxan". Zortzigarren protesta egunean, opositoreek hiru eskaera hauek egin dituzte: atxilotu eta preso politiko guztiak berehala askatzea, Lukashenkok dimisioa aurkeztea eta Poliziaren errepresioaren eta torturen erantzuleak zigortzea.