Mundua -

Koronabirusa

Hasi dira COVID-19aren kontrako txerto errusiarra ekoizten

Nikolai Gamaleia zentroaren txertoari Sputnik V izena jarri diote, eta abuztuaren 11n erregistratu zuten. Agintarien arabera, segurtasuna eta eraginkortasuna frogatuta daude.

Sputnik V txertoa. Argazkia: EFE
Sputnik V txertoa.
Sputnik V txertoa. Argazkia: EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19aren kontrako txertoa ekoizten hasiko dela iragarri du Errusiako Gobernuak. Urrian osasun eta hezkuntza arloetako langileak txertatzeko kanpaina hasteko asmoa du.

Osasun Ministerioak komunikatu batean esan duenez, "Nikolai Gamaleia Epidemiologia eta Mikrobiologia Ikerketa Zentroak garatutako txertoa ekoizten hasi dira". Sputnik V izenaz bataiatu dute abuztuaren 11n erregistratutako txertoa.

Segurtasuna eta eraginkortasuna frogatuta daudela uste dute agintariek, Vladimir Putin presidenteak defendatu zuen moduan. Txertoa, alabaina, 3. fasea bukatu baino lehen erregistratu dute. Txertoak bi urteko immunitatea eskainiko luke, Sputnik agentziaren arabera.

Agintarien arabera, Errusia 12 hilabetean 500 milioi dosi ekoizteko gai izango da. Atzerrian ere ekoitziko dute, eta entsegu klinikoak Arabiar Emirerri Batuetan, Arabian Saudin eta Filipinetan burutuko dituzte.

Errusian koronabirusaren kontrako borrokan diharduen zentroaren arabera, 5.061 positibo berri zenbatu dituzte azken egunean. 917.800 dira guztira. Hildakoak 15.617 dira, aurreko egunean baino 119 gehiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Industria farmazeutikoa