Mundua -
Krisi politikoa
Libano: 250 milioi euroko dirulaguntza, dimisioak eta protestak Beiruteko kaleetan
Leherketak aurreneko bi biktima politikoak utzi ditu: Informazio eta Ingurumen ministroak. Bestalde, Libanoko Armadak bukatutzat eman du bilaketa eta erreskate lanen lehen fasea.
Agentziak | Erredakzioa
Beiruteko leherketa izugarriak aurreneko bi biktima politikoak utzi ditu: Informazio eta Ingurumen ministroak. Eztanda gertatu zenetik bost egun igaro direnean, hondakinen artean inor bizirik aurkitzeko itxaropen handirik ez dute.
Mana Abdel Samad Libanoko Informazio ministroak dimisioa eman du igande honetan, tragediaren ondotik herritarrek eskatzen dituzten aldaketak onartzeko "erresistentziak" jarraitzen duela iritzita. Eztandak 158 hildako eta 6.000 zauritu utzi ditu oraingoz.
"Beiruteko hondamendi izugarriaren ostean, dimisioa aurkeztu dut", iragarri du Abdel Samadek ohar batean, ANN albiste-agentziaren arabera, eta ordu gutxi batzuk geroago, Damianos Kattar Ingurumen ministroak eman du dimisioa.
Bitartean, Beiruteko kaleetan, herritarren amorrua eta haserrea nagusi izan da berriro protestetan. Atzo manifestariek zenbait ministerioren egoitzak okupatu zituzten, eta Poliziari aurre egin zioten. Polizia bat hil zen liskarretan, eta 700 bat pertsona zauritu ziren.
Igande honetan, segurtasun indarrek eta manifestariek negar eragiteko gasa, harriak eta sua pizteko materiala bota dizkiete elkarri Parlamentu inguruan, Libanoko hiriburuaren erdialdean.
Bestalde, Libanoko Armadak bilaketa eta erreskate lanen lehen fasea bukatutzat eman du gaur, eta bertako zein nazioarteko erreskate taldeek ez dute inor bizirik aurkitu. Ondorioz, aurrerantzean are zailagoa izango da biktimak bizirik topatzea.
Gainera, nazioarteak 252,7 milioi euroko premiazko dirulaguntza bideratzeko konpromisoa hartu du igande honetan, Libanoko biztanleriari laguntzeko.
Frantziak eta Nazio Batuen Erakundeak mundu osoko 30 bat agintari eta goi-kargudun bildu dituzte bideokonferentzia bidez (Europar Batasunekoak eta Munduko Bankukoak, besteak beste), Eliseok jakitera eman duenez.