Mundua -

Protestak Libanon

"Amorruaren Egunak" hildako bat eta 700 zauritu utzi ditu Beiruten

Manifestariek Atzerri Ministerioa okupatu dute. "Beirut, iraultzaren hiriburua" eta "Beirut, armarik gabeko hiria", pankartak zintzilikatu dituzte egoitzan.

Protestak Beiruten (Libano). Argazkia: EFE
Protestak Beiruten (Libano). Argazkia: EFE
Manifestariek Atzerri Ministerioaren egoitza hartu dute Beiruten

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia bat hil da gaur Beiruteko erdialdean dagoen hotel batean, manifestarien aurkako borroketan, eta gutxienez 700 pertsona zauritu dira protestetan.

Segurtasun Indarrek Twitter sare sozialean jakitera eman dutenez, “Barne Ministerioko kide bat hil da segurtasuna mantentzeko lanean, Le Gray hotelean atxilotuak artatzen ari zenean, manifestari hiltzaileek eraso egin diotelako”.

Manifestariek Atzerri Ministerioa okupatu dute. Gainera, segurtasun indarren eta manifestarien arteko liskarrak gertatzen ari dira hiriburuko toki ezberdinetan.

Manifestariek “Beirut, iraultzaren hiriburua” eta “Beirut, armarik gabeko hiria”, pankartak zintzilikatu dituzte Atzerri Ministerioaren egoitzan. Horrela, Hezbollah alderdi-milizia xiitari erreferentzia egin diote; izan ere, manifestari askok tentsioa areagotzea leporatzen diote, Gobernuaren aurkako protestetan presentzia armatua mantentzeagatik.

Iragan asteartean eztanda handi batek 158 hildako eta 6.000 zauritu baino gehiago utzi zituen Beiruten. Horrek Libanoko Gobernuaren aurkako protestak areagotu ditu, baina haserrea aurretik dator; izan ere, barne krisi politikoari krisi ekonomikoa gehitu behar zaio.

Diabek hauteskundeak aurreratzea proposatu du

Krisitik ateratzeko hauteskundeak aurreratzea proposatu du Hasan Diab Libanoko lehen ministroak. Hauteskundeetara eramateko, bi hilabeteetan zehar kabinetea zuzentzeko prest agertu da Diab.

“Hurrengo pausoa adosteko eskatzen diet alderdiei (…) Hauteskundeak aurreratzea proposatuko dut asteleheneko bileran”, adierazi du Diabek hitzaldian. Gobernua iragan abenduan hartu zuen Diabek, Saad Haririk dimisioa eman ondoren. Libanoko buruzagien eta sistema sektarioaren aurkako protestak urrian hasi ziren.

Bestalde, Frantziak larunbat honetan iragarri duenez, Beirut laguntzeko emaileen nazioarteko biltzarra igande honetan egingo dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Asia Libano gaur Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?