Mundua -
Beirut
16 lagun atxilotu dituzte Libanon, Beiruteko eztandetako ikerketetan
Gainera, beste hainbat lagun ikertzen ari dira. Leherketen ondorioz, gutxienez 137 herritar hil dira, eta 5.000tik gora zauritu.
Agentziak | Erredakzioa
16 lagun atxilotu dituzte, oraingoz, Libanon, asteartean Beirut hiriburuko portuan izandako eztanden gaineko ikerketetan, agintarien esanetan. Leherketen ondorioz, gutxienez 137 herritar hil dira, eta 5.000tik gora zauritu.
Libanoko auzitegi militarraren aurreko estatu-mandatari Fadi Akikik zehaztu duenez, atxilotuez gain, beste hainbat lagun ikertzen ari dira: "Susmagarri guztiak ari gara ikertzen", gehitu du.
Eztandak gertatu ziren lekua itxita egongo da, ikerketak amaitu arte, Polizia Militarrak eta Segurtasuneko Indarretako Informazio Sailak gainbegiratuta, NNA Libanoko albiste-agentziak jakitera eman duenez.
Akikik adierazi duenez, ikertzen ari dira leherketa eragin duten baldintza guztiak: "Hainbat soldadu eta zibil errugabe hil edo zauritu dira, eta kalte materialak oso larriak dira".
Azkenik, nabarmendu duenez, atxilotuen artean Beiruteko portuko hainbat goi kargudun daude, gertaturikoarekin lotura dutelakoan.
Eztanden arrazoiak baieztatzeke dauden arren, hipotesi nagusia da 2014tik portuko biltegi batean gordeta zeuden amonio-nitratoko 2.750 tonak erre zirela segurtasun-baldintzak eskasak zirelako.