Mundua -
Libano
Amonio-nitrato biltegi batek eragin zuen Beiruteko leherketa, Hasan Diaben arabera
Libanoko lehen ministroaren esanetan, 2.750 tona amonio-nitratok "sei urte" zeramatzaten biltegi batean, "prebentzio-neurriak hartu gabe, herritarren segurtasuna arriskuan jarriz".
Agentziak | Erredakzioa
Libanoko hiriburuko lehergailu biltegi batean pilatuta zeuden 2.750 tona amonio-nitratok su hartu eta eztanda handia eragin zuten atzo arratsaldean Beiruteko portuan. Leherketa horrek, ehun hildako eta milaka zauritu utzi ditu jada, 1990eko gerra zibila amaitu zenetik herrialdeak bizi duen krisi ekonomiko larrienetakoaren baitan.
Hain zuzen ere, Hasan Diab Libanoko lehen ministroak atzo jakinarazi zion Michel Aoun Errepublikako presidenteari biltegi horretan 2.750 tona amonio-nitrato pilatuta zeudela, eta inolako zaintzarik ez zuen kargamentu horrek su hartu ostean eztanda handia eragin zuela.
Testuinguru horretan, gertatutakoaren arduradunak aurkitu arte ez duela atsedenik hartuko ziurtatu du Diabek, eta "gehienezko zigorra" ezarriko diela esan du. Bere esanetan, "ez da onargarria nitrato-kargamentu hori sei urtez lehergailu biltegi batean beharrezko prebentzio-neurriak hartu gabe pilatuta egon izana, herritarren segurtasuna arriskuan jarriz".
Sare sozialetan zabaldutako bideoetan ikus daitekeenez, aurrena, ke-zutabe handia eragin zuen leherketa bat jazo zen. Jarraian, potentzia handiagoko beste leherketa bat izan zen, inguruan kalte material handiak eragin zituena. Tiro-n eta Sidon-en ere entzun zuten eztanda hori. Leherketak izan diren portuko eremuan, lehergailuak zeuden.
Sare sozialetan zabaldutako leherketaren une zehatzaren irudi horietan onddo formako hodei handi batek zeruan gora egiten duela ikusten da, baita uhin hedakor indartsu bat ere, kalte material ugari eragin zituena eztanda izan zen lekutik hainbat kilometrotara.
Gauzak horrela, Josep Borrell Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi ordezkariak gertatutakoa deitoratu du, eta "elkartasuna eta babesa" adierazi die "biktimen familiei, herritarrei eta Libanoko agintariei".
Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak adierazi du bere pentsamenduak herrialdeko biztanleekin eta "leherketa tragikoaren biktimen familiekin" daudela. "EB prest dago laguntza eskaintzeko", gaineratu du.
Halaber, Janez Lenarcic Krisi Egoeretarako europar komisarioak doluminak helarazi dizkie leherketaren biktimen familiei, eta nabarmendu du EBk Beiruteko biztanleekin bat egiten duela "une zail hauetan".
Test nuklearren aurkako NBEren agentzia Beiruteko leherketa aztertzen ari da
Asteartean Beiruten ehun hildako baino gehiago eragin zituen leherketa handiaren datuak aztertzen ari da Entsegu Nuklearren Debeku Osoari buruzko Tratatuaren Antolaketa (CTBTO).
"Gure taldeak datuak aztertzen ari dira", baieztatu du gaur Gill Tudor CTBTOko bozeramaileak, Austriako hiriburuan egoitza duen Nazio Batuen Erakundearen sistemako erakunde bat.
Leherketa handia erakundearen Nazioarteko Zaintza Sistemak erregistratu zuen, zaintza sismologiko, hidroakustiko eta infrasonikoko instalazioen mundu mailako sareak.
Leherketa nuklearrak detektatu eta gertatu direla frogatzen duten frogak lortu nahi badira ere, sareak leherketa nuklear edo ez nuklear batek edo lurpean, ur azpian edo atmosferan sortutako fenomeno natural batek askatutako energia ere detektatu eta lokalizatzen du.
Oraingoz, Lassina Zerbo idazkari exekutiboak astearte gauean jakinarazi zuen bezala, adituak batez ere bi estazioren datuak aztertzen ari dira, bata Alemanian eta bestea Tunisian, Tudorrek nabarmendu duenez.
"Nazioarteko Zaintza Sistemak leherketa handi baten seinale gogorrak atzeman zituen Beiruten 2020ko abuztuaren 4an 15:05ean, Tunisiako I48TU eta Alemaniako 126DE estazio infrasonikoetan", adierazi du Zerbok txio batean.
Orain arte, ez dago material nuklearren zantzurik, eta ez dirudi litekeena denik, baieztatu du bozeramaileak.
Hala ere, erakundea oraindik ez dagoela egoera hori % 100ean baztertzeko moduan onartu du; izan ere, erradionukleidoen presentzia egiaztatzeko denbora gehiago beharko litzateke, eta leherketa sarean bertan berehala detektatzen da.