Mundua -

Europako goi-bilera

Akordiorik gabe amaitu da Europako goi-bilerako lehen eguna

Pandemiaren osteko komunitate-aurrekontua eta berreskuratze-funtsa adosteko goi-bilerak larunbatean jarraituko du, 11:00etatik aurrera.

EBko banderak Bruselan. Irudia: EFE
EBko banderak Bruselan
EBko banderak Bruselan. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pandemiaren osteko komunitate-aurrekontua eta berreskuratze-funtsa adostea helburu Europa Batasuneko (EB) estatuburuak eta gobernuburuak egiten ari diren goi-bilerako lehen eguna ostiral honetako 23:30ean amaitu da, akordiorik gabe.

"Europako Kontseiluaren bilera amaitu egin da. Bilerak larunbatean 11:00etan jarraituko du", idatzi du Twiterren Barend Leytsek, hau da, Europako Kontseiluko presidentearen bozeramaileak.

Aurretik, Europako Batasuneko aurrekontuari eta ekonomia berreraikitzeko funtsari buruzko akordioa lortzeko premia azpimarratu dute EBko estatuburuek eta gobernuburuek, baina horietako asko eszeptiko agertu dira hori lortzeko aukeraren inguruan, desadostasunak sakonak izaten jarraitzen dutelako eta negoziazioak "oso zailak" izango direlako.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, esaterako, buruzagiek "energiaz" egingo diotela aurre goi-bilerari adierazi du, nahiz eta euren arteko aldeak "oso, oso handiak" izaten jarraitzen duten. "Horregatik, ezin dut aurreratu oraingoan emaitzaren bat lortuko dugun", deitoratu du alemaniarrak.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, berriz, "baikor baina zuhur" agertu da negoziazioei begira, baina "Europako proiektua dago jokoan", ohartarazi du, eta EBrentzat "egiaren eta handinahiaren" garaia iritsi dela nabarmendu du.

Era berean, Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak adierazi du "jakitun" direla hogeita zazpi herrialdeen artean "dauden desadostasunekin", baina gai izan behar dutela "determinazio handiz" hori "gainditzeko" gaineratu du, ez soilik "sufritu duten eta sufritzen ari diren Italiako herritarren interesengatik", baita "europar guztien interesean" ere.

Zailtasunak alde batera utzita, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak estatuburuak eta gobernuburuak "behartuta" daudela akordio bat lortzera azpimarratu du historikotzat jo duen hitzordu batean.

Espainia, adierazi duenez, "akordio batera iristeko asmoz" joan da goi-bilerara, baina baita interes nazionalak defendatzera ere, NPB edo susperraldi funtsaren baldintzak bezalako funtsezko gaietan.

Antzeko ildo batean, Kyriakos Mitsotakis greziarrak esan du ez dagoela "inolako arrazoirik akordiorik ez lortzeko", eta, aldi berean, "jokoan dagoena Europaren batasun eta elkartasun printzipioak dira", ohartarazi du.

"Orain guri dagokigu gure herritarren galderei eta beharrei erantzutea, susperraldi berde, azkar eta inklusibo bat izateko. Horretarako, asteburu honetan akordio azkar bat lortzea espero dut ", adierazi du Antonio Costa Portugalgo agintariak.

Adierazpen horien kontrapuntua Lituaniako Gitanas Nauseda presidenteak jarri du, eta ez dela "hain baikorra" asteburuko goi-bilera akordio batekin amaitzeari begira adierazi du, baina edozein kasutan "aurrerapauso handia izango da", nabarmendu du. Sanna Marin finlandiarrak ere elkarrizketa "nahiko zailak" iragarri ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nazioartea Europar Batasuna Brusela Europa Espainia Alemania Frantzia Angela Merkel Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Italia Emmanuel Macron Koronabirusa