Mundua -
Koronabirusa
Koronabirusak 11.300.000 pertsona kutsatu eta 531.000 hil ditu munduan
Egunero atzemandako kasuen koporuak goranzko joeran jarraitzen du. Kasu gehien atzeman dituzten munduko hamar herrialdeetatik lau Latinoamerikan daude.
Agentziak | Erredakzioa
COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz 11.300.000 pertsona baino gehiago kutsatu dira munduan, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) astelehenean emandako datuen arabera. Kasu gehien atzeman dituzten munduko hamar herrialdeetatik lau Latinoamerikan daude: Brasil, Peru, Txile eta Mexiko.
Horrez gain, 531.806 pertsona hil dira nazioartean koronabirusaren eraginez, ia erdiak Amerikan.
Egunero atzemandako kasuen kopuruak, halaber, gora egiten jarraitzen du; asteburuan 200.000 kutsatu baino gehiago baieztatu ziren 24 ordutan. Horrek esan nahi du oraindik ez dela lortu gaixotasunaren gorenera iristea. AEBn atzeman dituzte orain arte kasu gehienak (2.800.000), eta azken orduetan nabarmen ugaritu dira kasu berriak. Dagoeneko 130.000 pertsona baino gehiago hil dira bertan koronabirusaren ondorioz.
Brasil da munduko bigarren herrialderik kaltetuena, 1.500.000 milioi kutsatu eta 64.000 hildakorekin, eta India, Errusia, Peru, Txile, Erresuma Batua, Mexiko eta Espainia daude zerrendan ondoren, ordena horretan.
Bestalde, sendatutako gaixoen ehunekoak gora egin du, % 60 inguru sendatu baitira jada (6.500.000 milioi pertsona baino gehiago).
Egoera larrian edo kritikoan dauden gaixoen ehunekoa, berriz, murriztu egin da, gaur egun kasu aktiboen % 1 baitira.