Mundua -

Palestina

Milaka palestinar Gazako kaleetara irten dira Israelen anexioaren aurka

Koalizio itunaren arabera, Zisjordaniako zenbait lurralde okupaturen anexioa gaur bertan jarri zitekeen martxan, baina oraindik ez dago israeldarren eta estatubatuarren arteko akordiorik.

Zisjordaniaren anexioaren aurkako protestak. Argazkia: EFE
Zisjordaniaren anexioaren aurkako protestak.
Zisjordaniaren anexioaren aurkako protestak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka palestinarrek protesta egin dute gaur Gazan, Israelgo Gobernuak Zisjordaniako lurraldearen zati batzuk anexionatzeko plana arbuiatzeko. Gaur bertan jarri dezakete martxan plana israeldarrek.

Elkarretaratzean, Zisjordaniako fakzio politiko nagusietako buruak egon dira, Hamas mugimenduko liderra den Yahya Sinwar tartean. Sinwarrek esan du Palestinako erresistentziak Israelen anexio planak eta Estatu Batuen bake iniziatiba zapuztuko dituela.

Bertako hedabideen hitzetan, 30.000 lagun batu dira manifestazioan, baina ez dira hurbildu Israelekin muga egiten duen hesira, agintariek hala eskatuta. Hesi hartan, 2018an, Itzuleraren Martxa Handian, 273 palestinar hil eta 16.000 zauritu zituen Israelgo Armadak.

Sadi Aabed bildutako fakzio politikoen ordezkariak bertaratutakoei adierazi dienez, Israelek ez du “lasaitasuna denbora luzez gozatuko”. Ordezkariak gaineratu du 1987ko Intifadan bezala, palestinarrek Israel eta mundua ezustean harrapatuko dituztela, "inork espero ez zuen borroka uholde" batekin.

Ez dago akordiorik

Israelgo Gobernuak anexioari buruzko berririk eman ez badu ere, koalizio itunaren arabera, prozesua gaurtik jarri dezake martxan ofizialki.

Horren ildotik, Ofir Akunis Eskualde Lankidetzako ministroak onartu du oraindik ez dagoela akordiorik Estatu Batuetako Gobernuarekin, Zisjordaniako lurralde okupatuaren anexioari dagokionez.

"Subiranotasunaren hedatzea" uztailean emango dela esan du Armadako irratian egindako elkarrizketa batean Akunisek. Bere ustez, "gaur bertan" eman zitekeen, baina oraindik Estatu Batuetako Gobernuarekin "akordiorik ez" dagoela onartu du.

Donald Trump AEBko presidentearen administrazioaren ordezkariekin izandako koordinazioaz haratago, Israelgo Gobernuan tentsioa areagotu egin da egun hauetan. Zer eta nola anexionatu da eztabaidaren muina.

Benjamin Netanyahu buru duen blokeak aspalditik defendatu du aldebakarreko anexioa. Beny Gantz Defentsa ministroa eta Zuri Urdinen burua, berriz, anexioa palestinarrekin eta nazioartearekin koordinazioan egitearen aldekoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Israel albisteak azken ordukoa Palestina Ekialde Hurbileko albisteak