Mundua -
Koronabirusa
Europar Batasunak 15 herrialderentzat ireki du kanpoko muga
Lehendabiziko fasean, Txina edo Marokoko bidaiariek sarrera baimenduta izango dute; estatubatuarrek eta errusiarrek, berriz, galarazita. Zerrenda bi astean behin berrikusiko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europar Batasuneko 27 estatuek onartu egin dute kanpoko muga 15 herrialderi irekitzea asteazken honetatik aurrera. Zerrenda hori bi astean behin aztertuko dute osasun-egoeraren arabera eguneratzeko.
Europar Batasuneko ateak irekita izango dituzten herrialdeak hauek dira: Aljeria, Australia, Kanada, Japonia, Montenegro, Maroko, Zeelanda Berria, Ruanda, Serbia, Hego Korea, Thailandia, Tunisia, Uruguai, Georgia eta Txina.
Akordioa ostiralean egin zuten, baina asteburuan elkarrizketak egiten jarraitu behar izan dute, zenbait estaturen zalantzak argitzeko.
Gehiengo kualifikatuaren bidez astearte honetan berretsitako itunean azpimarratzen denez, kanpoko mugaren irekiera mailakatua izango da.
Horrela, bada, Belgikak jakinarazi du zerrendan aipatzen diren herrialde batzuetako bidaiarien sarrera galaraziko duela, estatu horietako osasun-egoerari buruzko datuak fidagarriak direla egiaztatu arte.
Esloveniak gogora ekarri du estatu bakoitzari dagokiola Europar Batasunak onartutako akordioa ezartzea, eta, ondorioz, esan du posible dela tokiak tokiko gobernuek "irizpide zorrotzagoak" aplikatzea herrialde jakin batzuetako bidariak hartzeko.
Bestalde, Alemaniak adierazi du Txinarekin egin den moduan, Hong Kongi eta Macaori ere betoa kendu behar zaiela.
Txinaren kasuan, betoaren amaiera aldebikoa izango da, hots, uztailaren 1etik aurrera txinatarrak Europar Batasunean sartu ahalko dira eta Europar Batasuneko naziotasuna duten herritarrak Txinara joan ahalko dira.
Elkarrekikotasun baldintza hori Txinari soilik ezarri diote, baina gainerako herrialdeei ere irizpide bera jarraitzeko eskatu diete. Alabaina, Marokok aurreratu du oraingoz ez dituela bere mugak irekiko.
Horrez gain, Andorra, Monako, San Marino eta Vatikanoko herritarrak Europar Batasuneko egoiliartzat joko dituzte muga zeharkatzeari dagokionez.
Lehendabiziko fasean zerrendatik kanpo geratu diren herrialdeak hauek dira: Ameriketako Estatu Batuak, Errusia, Brasil, Argentina, Kuba, Costa Rica, Nikaragua eta Venezuela.
Zerrenda hori bi astean behin berrikusiko dute, eta osasun-egoeraren bilakaeraren arabera kendu edo gehituko dituzte herrialdeak.