Mundua -
Koronabirusa Txinan
Txinak koronabirusaren aurkako txertoaren erabilera baimendu du bere armadan
Egindako frogek “txertoaren segurtasuna” eta “immunitate altua” bermatzen dute, erantzun immune zelular egokiarekin batera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Txinak koronabirusaren aurkako txerto berriaren erabilera baimendu du bere armadan. Txertoa Institutu Zientifiko Militarraren eta CanSino Biologics enpresa biofarmazeutikoaren artean garatu dute.
Enpresak azaldu duenez, covid-19aren aurkako txerto berria pasa den ekainaren 25ean onetsi zuen armadak, “militarren erabilerarako soilik” eta “behar berezietarako sendagaien” marko barruan.
CanSino Biologicsek jakinarazi duenez, proba klinikoaren I eta II Faseak Txinan bertan garatu ziren, eta II Fasea pasa den ekainaren 11an amaitu zen. Gainera, egindako frogek “txertoaren segurtasuna” eta “immunitate altua” bermatzen dute, erantzun immune zelular egokiarekin batera. Enpresak “frogen emaitza jarraituek erakusten dute Ad5-nCOV txertoak SARS-CoV-2ak sortutako gaixotasunak saihetsi ahal izango dituela” bermatzen du.
Txertoaren erabilerari dagokionez, “armada barruko erabilera” bakarrik onartu da oraingoz, eta etorkizun hurbilean “ezin da hedatu” Armadako Komisio Zentralaren Babes Logistikoaren babesik gabe.
Chen Wei, Zientzia Militarren Akademiako ikerlaria, eta bere taldeak garatutako txertoa froga klinikoen II Fasera igarotzen lehena izan da mundu mailan. Hala ere, oraindik itxaron egin beharko da froga horien emaitza osoak ezagutu ahal izateko.
Pasa den ekainaren 24an Sinopharm enpresa farmazeutiko estatalak aurreratu zuen Arabiar Erimerri Batuetan txerto posible baten III Faseko frogak hastear zituztela. Bigarren txerto hau enpresa txinatarrak Wuhango Birologia eta Produktu Biologikoen Institutuekin eta Txinako Zientzien Akademiekin batera garatua izango zen.
Munduko Osasun Erakundeak azaldu duenez, txerto baten erabilera orokortzeko 12 eta 18 hilabete arteko denbora-tartea itxaron behar izaten bada ere, Txinak prozesu horiek azkartu egin ditu mundu mailako osasun larrialdia dela eta.