Mundua -
Koronabirusa
Koronabirusak hamar milioi pertsona kutsatu eta milioi erdi hil ditu munduan
Hain zuzen ere, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) eta Brasilen zenbatu dituzte orain arte baieztatutako heriotza gehien; 125.714 eta 57.070, hurrenez hurren.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz 10.000.000 pertsona baino gehiago kutsatu eta 500.108 hil dira munduan, Johns Hopkins Unibertsitateak igandean emandako datuen arabera. Zehazki, nazioarteko 188 lurralde izan ditu kontuan AEBko unibertsitate horrek datuak gaurkotzeko orduan.
Hain zuzen ere, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) eta Brasilen zenbatu dituzte orain arte baieztatutako heriotza gehien (125.714 eta 57.070, hurrenez hurren). Bi herrialde horien atzetik, Erresuma Batua dago (43.634 hildako), Johns Hopkins Unibertsitateak igandean emandako datuen arabera.
Errusian, 633.542 kasu positibo eta 9.060 hildako zenbatu dituzte jada, eta, Indian, berriz, 528.859 positibo eta 16.095 hildako baieztatu dira, bosgarren egunez jarraian aurreko eguneko datua gainditu ondoren (azken orduotan 20.095 kasu zenbatu dituzte bertan).
Peru dago herrialde horren atzetik, 275.989 gaixorekin eta 9.135 hildakorekin. Txilen, berriz, 271.982 pertsona kutsatu eta 5.509 hil dira. Espainiako Estatuan, bestalde, 248.770 kutsatu eta 28.343 hildako zenbatu dituzte orain arte, eta Italiak 240.310 kutsatu eta 34.738 hildako pilatu ditu jada.
Iranek 222.669 kasu eta 10.508 hildako zenbatu ditu pandemia hasi zenetik, eta Mexikok, 212.802 kasu eta 26.381 hildako. Ondoren, Pakistan dago, 202.955 kutsatu eta 4.118 hildakorekin (azken orduotan gainditu dute 200.000 kutsaturen langa).
Johns Hopkins Unibertsitateak jakitera eman duenez, 199.474 kutsatu eta 29.781 hildako zenbatu dituzte dagoeneko Frantzian; 197.238 kasu eta 5.097 hildako Turkian; eta 194.693 kasu eta 8.968 hildako Alemanian.
Horrez gain, 100.000 kutsatu baino gehiago baieztatu dituzten herrialdeen artean, hauek daude: Saudi Arabia (182.493 kutsatu eta 1.551 hildako), Hegoafrika (138.134 kasu eta 2.465 hildako), Bangladesh (137.787 gaixo eta 1.738 hildako) eta Kanada (105.146 kutsatu eta 8.582 hildako).
Halaber, 100.000 positiboen mugatik behera, Qatarrek 94.413 kasu eta 110 hildako zenbatu ditu orain arte, Kolonbiak 88.817 kasu eta 3.076 hildako, eta Txinak 84.745 kasu eta 4.641 hildako pilatu ditu (Txinan izan zuten koronabirusaren berri lehen aldiz).
Zerrendako hurrengo herrialdeak, Egiptok, 65.188 kasu eta 2.789 hildako pilatu ditu. Suediak 65.137 kutsatu eta 5.280 hildako baieztatu ditu; Bielorrusiak, 61.475 kasu eta 383 hildako; eta Belgikak, 61.295 kutsatu eta 9.732 hildako.
Jarraian daude Argentina (57.744 kutsatu eta 1207 hildako), Ekuador (54.574 kasu eta 4.424 hildako), Indonesia (54.010 gaixo eta 2.754 hildako) eta Herbehereak (50.355 kutsatu eta 6.124 hildako). Hain zuzen ere, 50.000 kasu baino gehiago dituzten herrialdeak dira zerrenda hori ixten duten herrialdeak.