Mundua -

Koronabirusa

Alemaniako agerraldiak 360.000 pertsona isolatzea eragin du Guetersloh hirian

Apirilaren amaieran agintariak neurri murriztaileak pixkanaka malgutzen hasi ostean, Guetersloh da isolamendua berriro agindu duen lehen hiria.

Alemania koronabirusaren pandemia bitartean. Argazkia: EFE.
Alemaniako artxibo irudia koronabirusaren pandemia bitartean
Konfinamendu neurriak berriro indarrean Alemaniako 360.000 biztanlerentzat

1:13

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Renania-Westfalia estatu alemaniarreko lehen ministroak astearte honetan iragarri duenez, Guetersloh hiria konfinamendu egoeran jarriko da berriz ere ekainaren 30era arte, bertan dagoen haragia ontziratzeko planta batean koronabirus agerraldi bat izan ostean.

Guetersloh hiria isolamendura itzuli den lehen gunea da, apirilaren amaieran agintariak neurri murriztaileak pixkanaka malgutzen hasi ondoren. Guztira 360.000 pertsona inguru bizi dira Alemaniako eremu horretan, eta hilaren 30era arte egongo dira isolamenduan.

Isolamendu egoera arintzeko deiak egin zituen Armin Laschet estatuko lehen ministroaren esanetan, tabernak, museoak, galeriak, zinema-aretoak, kirol pabiloiak, gimnasioak eta igerilekuak itxita egongo dira, eta piknikak zein barbakoak debekatu dituzte.

"Arreta neurri mugatua da. Infekzioa ez garatzeko ziurtasuna dugunean, lehenbailehen altxatzeko asmoa dugu", esan du Laschetek prentsaurreko batean. Lehen ministroaren arabera, "neurri prebentiboa da" soilik.

Guetersloh hiriko haragia prozesatzeko planta bateko 1.500 langilek baino gehiagok positibo eman dute, eta horien senide batzuek eta lantegiarekin inolako loturarik ez duten 24 lagunek ere eman dute positibo, horren arabera.

Lothar Wieler Osasun Publikorako Robert Koch Institutuko buruak baieztatu duenez, Alemanian koronabirusaren garapen-tasa 2,76koa da egun, foku horien ondorioz.

2,76ko garapen-tasak esan nahi du birusa hartu duten 100 pertsonek, batez beste, 276 pertsona gehiago kutsatu dituztela.

Wielerren esanetan, Alemania bigarren koronabirus agerraldi baten arriskua du, baina egoeraren aurrean baikorra dela eta arazoari aurrea har dakiokeela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa