Mundua -
Venezuela
Maduro, Trumpekin elkarrizketa "adeitsua" izateko prest
Venezuelako presidenteak esan du AEBkoarekin hitz egiteko prest dagoela, Bidenek 2015ean egin zuen “modu berean”.
agentziak | erredakzioa
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak atzo esan zuen Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentearekin hitz egiteko prest dagoela, "errespetuz", 2015ean Joe Biden presidenteordearekin eta Etxe Zurirako hautagai izango denarekin egin zuen moduan.
"Nire erantzuna da, Bidenekin elkartu eta luze eta zabal errespetu osoz hitz egin genuen moduan, Donald Trump presidentearekin ere errespetuz hitz egiteko prest nagoela beharrezkoa den momentuan", adierazi zion Madurok AVN albiste-agentzia ofizialari.
Madurok egindako adierazpen laburrean azpimarratu zuen Bidenekin 2015ean, presidenteorde zenean, egin zuen "modu berean" hitz egingo lukeela Trumpekin.
AEBko presidenteak astelehenean esan zuen Madurorekin hitz egitekotan "boteretik era baketsuan ateratzeko" moduaz hitz egingo lukeela.
"Ezker erradikala ez bezala, ni BETI egongo naiz sozialismoaren aurka eta Venezuelako herriarekin. Nire gobernua beti egon da ASKATASUNAren alde eta Maduroren erregimen zapaltzailearen aurka! Madurorekin gai bat eztabaidatzeko bakarrik elkartuko nintzateke: boteretik modu baketsuan ateratzea!", idatzi zuen Trumpek Twitterren.