Mundua -
Koronabirusa
Pekinek murriztapenak zorroztu eta neurriak hartu ditu, agerraldiari aurre egiteko
Txinako hiriburuan, jatetxe, unibertsitate eta merkatu guztietako langileei egingo dizkiete koronabirusaren testak.
Agentziak | Erredakzioa
Pekinek murriztapenak zorroztu eta neurri gehiago hartu ditu asteazken honetan, hiriko elikadura-zentro handizkari nagusian hasitako koronabirus-agerraldiari aurre egiteko. Besteak beste, jatetxe, unibertsitate eta merkatu guztietako langileei egingo dizkiete koronabirusaren testak, Txinako hiriburuan.
Lan oso zaila da, kontuan izanik Pekinen milaka eta milaka jatetxe eta janaria eskaintzen duten saltoki txiki daudela; gainera, ehunka elikadura-merkatu daude, bai eta dozenaka unibertsitate-campus ere.
Larunbatetik hona, azido nukleikoko 365.000 proba egin dituzte, Zhang Qiang prebentziozko udal-taldeko arduradunak esan duenez. Gainera, osasun-langileei, baieztatutako kasuak dauden bizitegi-konplexuetan bizi diren herritarrei, funtzionarioei, irakasleei eta eskolara bueltatu diren ikasleei ere egingo diete testa.
Beste 355.000 herritarri ere egingo diete proba; hain zuzen ere, Xinfadiko merkatu handizkariarekin nolabaiteko lotura duten lagunei. Agerraldi hau merkatu horretan sortu zen; sei egunetan, 137 kasu eragin ditu, 31 azken 24 orduetan, aurreko eguneko baino lau gehiago.
Zhangen arabera, Pekinek egunero 400.000 test egiteko ahalmena du. Eskariari aurre egiteko, gehiago ere egingo dituzte. Horrez gain, 3 mailako biosegurtasun-laborategi mugikor bat iritsiko da hirira, kamioi handi batean.
Txinak hogei bat laborategi mugikor ditu; bereziki birulentoak diren eta arin transmititzen diren patogenoak diagnostikatu eta ikertzean espezializatuta daude.
Laborategi horietako bat Fengtai barrutira eraman dute, bertan baitago Xinfadiko merkatua. Egunero 1.000 proba egin ditzake, eta pandemian zehar Txinako beste probintzia batzuetan ere baliatu dute.
Guztira, 98 ospitale eta izendatutako zentro prestatu dituzte, metropoli osoan, test horiek guztiak egiteko. Guztira, 22 milioi herritar bizi dira bertan.
2 maila dago indarrean, baina neurriak zorrotzagoak dira
Asteartean, Pekingo osasun-alertako maila 3tik 2ra igo zuten (handiena 4 da), baina neurriak 2 mailan ohikoak direnak baino zorrotzagoak dira. Duela bi aste ere, 2 mailan zegoen hiria.
Orain arte hartu gabe zeuden baina hemendik aurrera indarrean izango diren neurrien artean, probintzien arteko hegaldiak bertan behera utzi dituzte. Horren helburua da beste probintzia batzuetarako hedatzea saihestea (gutxienez, lautan izan du eragina, jada).
Gainera, eskola guztiak bertan behera utzi dituzte. Duela hilabete baino gehiago hasi ziren ikasleak berriro ikastetxeetara joaten.
Guztira, agerraldi berrian 137 lagun kutsatu dira. Bat egoera kritikoan dago, eta lau larri; gainerakoak, sintoma arinak dituzte. Kutsatuen artean, gazteenak zortzi urte besterik ez ditu.