Mundua -

Koronabirusa

Erresuma Batuan hasi dira nazioarteko bidaiariei berrogeialdia ezartzen

Hegazkinez, trenez edo ferryz iristen direnek, baita britainiarrek ere, galdetegi bat erantzun beharko dute, eta 14 egunak non igaroko dituzten jakinarazi behar dute bertan.

Londres. Argazkia: Efe
Londres. Argazkia: Efe
Londres. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurtik aurrera Erresuma Batura iristen diren nazioarteko bidaiariek 14 eguneko berrogeialdia egin beharko dute, atzerritik iritsitako koronabirus agerraldiak eragozteko.

Neurria betetzen ez dutenek 1.000 liberako (1.107 euro inguru) isuna jasoko dute Ingalaterran, Priti Patel Atzerri Gaietarako ministroak jakinarazi duenez. Eskoziak, Galesek eta Ipar Irlandak, alabaina, zenbatekoa erabakitzeko eskumena izango dute.

Atzerritik herrialdera hegazkinez trenez edo ferryz iristen direnek, baita britainiarrek ere, galdetegi bat erantzun eta 14 egunak non igaroko dituzten jakinarazi beharko dute, besteak beste.

Berrogeialdiak irauten duen bitartean, pertsona horiek ezingo dira lanera, eskolara edo leku publikoetara joan, eta ezingo dute bisitarik jaso.

Gobernuak hiru astean behin berrikusiko du neurria, eta kontrakoa erabaki arte, poliziek berrogeialdia egiten ari direnen etxeetara bisitak egingo dituzte neurria betetzen ari ote diren ikusteko.

Neurri horretatik kanpo geratuko dira Irlandatik, Kanaleko uharteetatik eta Man uhartetik iristen direnak, eta baita osasun, garraio edo nekazaritzako langile batzuk ere, besteak beste.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eskozia Erresuma Batua Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Londres Ingalaterra Boris Johnson Koronabirusa