Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Protestak ugaritzen ari dira AEBn, eta 40 hiritan etxeratze-agindua ezarri dute
Polizia batek George Floyd hil izana salatzeko herritarrak egiten ari diren mobilizazioak zilegi direla esan du Barack Obamak, eta arrazismoari konponbide "politikoa eta soziala" emateko eskatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Joan den asteko astelehenean hil zuen polizia zuri batek George Floyd herritar afro-amerikarra, Minneapolisen. Harrezkero hainbat mobilizazio eta istilu izan dira han, baina azken egunetan protestak Ameriketako Estatu Batuetako hainbat hiritara hedatu dira.
Bart gauean ere liskarrak izan dira eta gutxienez hiru pertsona hil dira, bi Iowan eta beste bat Kentuckyn.
Davenporteko (Iowa) polizia-buruaren arabera, gauean hamaika istilu eta tiroketak izan dira hirian. Bi lagun hil dira eta beste lau zauritu dira tiroketa ezberdinetan.
Bestalde, Kentuckyko gobernadoreak jakinarazi duenez, Lousivilleko saltoki batean poliziek eta Guardia Nazionalak gizon bat hil dute tiroz. Gertatutako argitzeko ikerketa bat jarri dute abian.
Horrez gain, AEBko 40 hiritan etxeratze-agindua ezarri dute eta Guardia Nazionalak 5.000 soldadu mobilizatu ditu 15 estatutan.
Etxeratze-agindua, besteak beste, ondoko hirietan ezarri dute: Washingtonen, Los Angelesen, San Frantziskon edo Beverly Hillsen, Denverren, Miamin, Orlandon, Atlantan, Chicagon, Indianapolisen, Louisvillen, Detroiten, Kansasen, Clevelanden, Seattlen, Filadelfian, Portlanden eta Dallasen.
Bien bitartean, Floyd ito zuen polizia Hennepin konderriko espetxean sartzeko agindua eman du hilketa ikertzen ari den epaileak.
Trump, bunker batean sartuta
Bestalde, arrazakeriaren aurkako protestak Etxe Zuriaren atariraino iritsi dira eta Zerbitzu Sekretuko agenteek hainbat neurri hartu behar izan dituzte.
Testuinguru horretan, Donald Trump AEBko presidenteak Etxe Zuriko bunkerrean ezkutatu zela zabaldu du CBS telebista-kateak. Komunikabideak zehaztu du denbora tarte txiki baterako eta berak hala nahi izan zuelako izan zela, eta ez bera arriskuan zegoelako.
Trumpek protesten eta manifestarien aurka azken egunotan egindako adierazpen polemikoek giroa oraindik gehiago gaiztotu dute Washingtonen.
Obamak protestak babestu ditu
Bestalde, Barack Obama AEBko presidente ohiak Floyden hilketa salatzeko manifestazioak "ausartak eta eredugarriak" direla esan du, eta mobilizazio gehienak "baketsuak" direla azpimarratu du.
Gobernuak eta erakundeek azken hamarkadetan gaizki jokatu dutela eta egunotan izan diren mobilizazioak jarrera horrek eragindako haserrearen ondorio direla iritzi dio. Horregatik, protestak zilegitzat jo ditu.
"Manifestazio gehienak baketsuak, ausartak eta eredugarriak dira. Gure errespetua eta babesa adierazi behar dugu, ez gaitzespena", adierazi du.
Indarkeria "gutxiengo batek" erabiltzen duela eta gutxiengo horrek herritarrak arriskuan jartzeaz gain, fokua arrazismotik desbideratzen dutela ohartarazi du. "Gure sistema judiziala eta gizartea aldatu nahi baditugu, gu geu izan behar gara eredu", nabarmendu du.
Horrez gain, protestak nahikoa ez direla eta arrazakeriarekin amaitzeko "legeak eta erakundeen jarduteko modua aldatzea ezinbestekoa" dela esan du.