Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Poliziak beste gizon beltz bat hil du, eta haserrea piztu da AEBn
George Floyd joan den astelehenean hil zen, Minneapolisen, polizia zuri batek kalean indarkeriaz atxilotu ostean. Harrezkero hainbat protesta eta istilu izan dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Poliziak beste gizon beltz bat hil du Ameriketako Estatu Batuetan. Astelehenean gertatu zen, Minneapolisen, eta harrezkero milaka lagun atera dira kalera, komunitate beltzaren kontrako enegarren erasoa izan dela salatzeko.
Biktimak George Floyd zuen izena. Bere autoan zegoela, lau polizia hurbildu zitzaizkion eta ibilgailutik ateratzeko agindu zioten. Establezimendu batean billete faltsu batekin ordaindu izana leporatuta atxilotu behar zutela jakinarazi zioten.
Bertsio ofizialaren arabera, gizonak aurre egin zien, eta agente batek lurrera bota zuen orduan. Belaunarekin indarra eginez, lepoa estutu zion, beste agente bat begira zuela.
Atxiloketaren irudiak laster zabaldu ziren sare sozialetan. Bideoan, gizona arnasa hartu ezinik ageri da, eta mesedez lepoa gehiago ez sakatzeko eskatzen dio poliziari.
"Min dut lepoan. Denak min ematen dit… Ura edo zerbait, mesedez. Mesedez. Ezin dut arnasarik hartu, ezin dut arnasarik hartu", esan zuen gizonak, lurrean zerraldo geratu aurretik.
Poliziaren arabera, konortea galdutakoan, ospitalera eraman zuten anbulantzia batean, eta han hil zen, ordu batzuk geroago.
Lau poliziak
Tokiko komunikabideek zabaldu dutenez, atxiloketa egin zuten poliziak Thomas Lane, Tou Thao, Alexander Kueng eta Derek Chauvin dira. Hain justu ere, azken hori izan zen lepoa estutu ziona.
Minneapolisko Polizia Departamentuak iragarri du laurak kaleratuko dituela, baina ez du haien kontrako kargurik aurkeztu.
Floyden familiak jakinarazi duenez, baina, auzitegira joko du lau agenteen aurka, hilketa egotzita.
Jacob Frey alkateak atsekabea agertu du gertatu denagatik, eta Chauvin poliziaren aurkako karguak aurkeztea eskatu du.
"Azken 36-48 orduetan galdera bakarra egin diot neure buruari: zergatik ez dago kartzelan George Floyd hil zuen ofiziala? Hori nik edo zuek egin izan bagenu, barrote artean egongo ginateke orain", adierazi du komunikabideen aurrean.
Gizartearen erantzuna
Indarkeriaz egindako atxiloketaren irudiak sare sozialetan zabaltzearekin batera, milaka herritar kalera atera ziren Minneapolisen, Floyden hilketa salatzeko. Azken bi egunetan, mobilizazio jendetsuak eta polizia eta manifestarien arteko istiluak izan dira.
Halaber, jendea saltoki handietan sartu da arpilatzera, eta kale batzuetan suteak piztu dira.
Los Angelesen (Kalifornia) eta Memphisen (Tennessee) ere izan dira protestak.
Horrez gain, pertsona ezagun askok publikoki salatu dute Floyden hilketa, Taylor Swift eta Beyonce abeslariek eta Lebron James saskibaloiko jokalariak, besteak beste.
Joe Biden presidentegai demokratak esan du ez dela gertakari isolatu bat: "Gure herrialdean errotuta dagoen sistema baten ondorioa da".
Donald Trumpen esanetan, Floyden heriotza "gertakari tristea eta tragikoa" da, eta gertatutakoa ikertzeko eskatu du.