Mundua -

Venezuela

Guaidoren alderdia erakunde terrorista den zehazteko eskatu du Fiskaltzak

Juan Guaido eta Leopoldo Lopez buru dituen Voluntad Popular alderdia erakunde terroristatzat hartuz gero, legez kanpo uztea erabaki lezake Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenak.

Juan Guaido eta Leopoldo Lopez opositoreak. Argazkia: EFE
Juan Guaido eta Leopoldo Lopez.
Guaidoren alderdia erakunde terrorista den zehazteko eskatu du Fiskaltzak

0:52

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Guaido eta Leopoldo Lopez buru dituen Voluntad Popular alderdi politikoa erakunde terrorista gisa har daitekeen edo ez zehazteko eskatu dio Tarek William Saab Venezuelako fiskal nagusiak herrialde horretako Justizia Auzitegi Gorenari, eta, "hala izatekotan, zigorrik ezarri ahal zaizkion".

Terrorismoaren Delinkuentzia Antolatuaren eta Finantzaketaren aurkako Lege Organikoko 31. artikuluak honako hau adierazten du: "Pertsona juridikoak, Estatua eta haren enpresak alde batera utzita, delinkuentzia antolatuarekin eta haien kontura, zuzendaritza-organoek edo haien ordezkariek terrorismoa finantzatzearekin lotutako egitate zigorgarrien erantzule zibilak, administratiboak eta penalak dira".

32. artikuluan jasotzen denez, horrek ekar ditzakeen zigorren artean ondorengoak daude: "pertsona juridikoa behin betiko ixtea, delitua egiteko balio izan zuten tresnak konfiskatzea edota zigor ekonomikoa jartzea".

Ildo horretatik, oposizioko alderdia erakunde terroristatzat jotzeko gertaera batzuk gogora ekarri ditu Saabek; izan ere, 2002an Hugo Chavezen Gobernuaren aurkako estatu-kolpea eman zuten, Guaido Venezuelako "presidente arduradun" izendatu zuten eta maiatzaren 3an Maduroren Gobernuaren aurka egin zuten 'Gedeon' izeneko operazioaren baitan. Hori dela eta, alderdi politikoa "trama neonazi bat" dela esan du Venezuelako fiskal nagusiak.

Gainera, krisi humanitarioa Guaidoren nazioarteko aliatuek Venezuelaren aurka ezarritako zigorren errua dela ziurtatu du, bereziki Ameriketako Estatu Batuena (AEB), Nicolas Maduroren Gobernua agintetik kentzeko "inplosio soziala" bilatzen dutelako.

Testuinguru horretan, Voluntad Popular alderdia legez kanpo uztea erabaki lezake Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenak. Hala, buruzagi batzuk hauteskundeetan parte hartzeko gaitasunik gabe utzi dituzte dagoeneko, ustezko ustelkeria delituengatik, eta Guaido bera ikertzen ari dira, ustelkeria eta estatu-kolpe saiakera leporatuta, besteak beste.

Alderdiak akusazio guztiak ukatu ditu

Bestalde, Leopoldo Lopez buru duen alderdiak salaketa horiek ukatu ditu, eta "terrorismoa" zein "erakunde kriminala" izatea egotzita egindako akusazioek Maduroren Gobernua deskribatzen dutela esan du.

"Alderdi honek ukatu egiten ditu fiskalak egindako akusazioak. Terroristatzat eta erakunde kriminaltzat hartu nahi gaitu, diktadura deskribatzen duten ezaugarriak direnean, horrekin amaitu nahi dugun alderdi demokratikoen aurrean", erantzun du oposizioko alderdiak Twitter bidez zabaldutako mezu batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Delituak Epaiketak Salaketak Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Donald Trump Kolonbia Latinoamerika Nicolás Maduro Juan Guaidó Leopoldo López Mendoza