Mundua -

Koronabirusa

Udan atzerrira oporretan ez joatea gomendatu du Frantziak

Frantziako Trantsizio Ekologikorako ministroak adierazi duenez, "gaur egun herritarrei ezin zaie gomendatu oporrak Espainian erreserbatzea".

Paris (Frantzia). Argazkia: EFE
Paris (Frantzia).
Paris (Frantzia). Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uda honetan oporretan beste herrialde batera joateko asmoa duten herritarrei Frantzian geratzea gomendatu die Elisabeth Borne Frantziako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako ministroak, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren ondorioz egon daitezkeen muga-kontrolak direla eta.

France Inter irratian egindako elkarrizketan, uztailerako eta abuzturako oporretarako erreserbak lehenbailehen egiten hasteko eskatu die frantziarrei Bornek (Frantziako garraio arduraduna ere bada), eta "datorren astean" ekaineko oporraldiei buruzko erabakiak hartuko dituztela aurreratu du.

"Europan zirkulazio askekoak diren Schengen eremuko mugak kontrolpean jarraituko dute uda honetan. Horregatik, atzerrian oporrik ez igarotzea gomendatzen diegu frantziarrei", esan du.

Testuinguru horretan, Espainiako Gobernuak Europako turisten etorrera ahalbidetzeko asmoz mugak irekitzeko hartutako erabakiaz ministroak adierazi duenez, "ezinezkoa da frantziarrei gaur egun Espainian oporrak erreserbatzea gomendatzea".

"Mugak irekitzea Espainiak hartu duen erabaki bat da, baina, aldi berean, herrialdeak neurriak hartu ditu hegazkinez iristen diren pertsonentzat, eta hori kontraesankorra da", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Bizkaia Gipuzkoa Araba Turismoa Euskadi Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Frantzia Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Udako albisteak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Frantziako Gobernua