Mundua -
Istiluak
Gutxienez 180 atxilotu Hong Kongen segurtasun legearen aurkako protestetan
"Atzerriko esku-hartze" saiakerari betoa jarri dio Pekingo agintariek aurkeztutako araudi berriak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 180 pertsona atxilotu dituzte igande honetan Txinak ezarritako segurtasun lege berriaren aurka Hong Kongen izandako protestetan. Karga polizialak izan dira hiriko hainbat puntutan, bereziki Causeway Bay zonaldean.
Poliziak jakitera eman duenez, kalte material ugari izan dira, eta gutxienez zauritu bi, manifestariek egindako blokeoa kentzen saiatu diren bi oinezko, alegia. Gainera, lau agente ere zauritu dira, manifestariek adreiluak eta bestelako objektuak botata, 'South China Morning Post' kazetak jaso duenez. Oposizioak ez du zaurituen kopuruaren berri eman.
Sedizioarekin, sezesioarekin edo terrorismoarekin lotutako ekintzak zigortzen ditu Pekingo agintariek aurkeztutako araudi berriak, eta "atzerriko edozein esku-hartze" saiakerari betoa jartzea ere du helburu, legearen hasierako testuaren arabera.
Koronabirusaren epidemiagatik etenaldia izan ostean, tentsioak gainezka egin du Hong Kongeko merkataritza zonalde horretako kaleetan. Poliziak gas negar-eragilea bota eta ur-kanoiak erabili ditu manifestariak sakabanatzeko.
Zigor mehatxua
Bestalde, Robert O´Brien AEBko segurtasun nazionaleko aholkulariak ohartarazi duenez, baliteke AEBk Txinari zigorra ezartzea Hong Kongen segurtasun legea aplikatuz gero. Izan ere, lege hori dela eta, AEBko Estatu Departamentuak ezingo luke Hong Kongeko independentzia egiaztatu.
"AEBko legeak dioenez, horrek ondorio legalak ekarriko lituzke", harreman ekonomikoen alorrean bereziki, eta litekeena da Txina zigortzeko arrazoiak egotea, AEBren arabera.