Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

AEB armak kontrolatzeko itun batetik ateratzea erabaki du Trumpek

AEBko presidentearen esanetan, Errusiak akordioa urratzen du, herrialde horren ariketa militarrak airetik ikuskatzea galarazten duelako. Sei hilabete barru gauzatuko da erabakia.

Donald Trump, AEBko presidentea. Argazkia: EFE
Donald Trump, AEBko presidentea.
Donald Trump, AEBko presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuak (AEB) Europako Segurtasun eta Lankidetza Erakundearen Zeru Irekien Itunetik ateratzea erabaki du Donald Trump AEBko presidenteak, Errusiak akordioa behin eta berriro urratu duela iritzita. Gaur egun, 34 estatuk parte hartzen dute armak kontrolatzeko itun horretan, eta sei hilabete barru gauzatuko da Trumpen erabakia.

Agintariek duela ia hiru hamarkada negoziatu zuten Zeru Irekien Ituna, eta 2002tik dago indarrean. Zehazki, estatu kideei beste estatu kide baten lurraldearen edozein eremu airetik ikuskatzeko baimena ematen die, hegazkin batetik argazkiak egiteko aukera emanez.

Ituna armen erabilera nazioartean kontrolatzeko inoiz egin den ahalegin handienetakoa da, indar eta jarduera militarretan gardentasuna sustatzeko helburuarekin. Besteak beste, AEB, Errusia, Kanada eta ia Europar Batasun osoa daude itun horren sinatzaileen artean, Espainia barne.

Alabaina, AEB kexu da aspalditik, Errusiak akordioa urratzen duela esanez; izan ere, Trumpen arabera, Errusiak akordioa urratzen du, herrialde horren ariketa militarrak airetik ikuskatzea galarazten duelako, eta ez duelako baimentzen AEBren ustez Europara irits daitezkeen arma nuklearrak izan ditzakeen hiriak airetik ikuskatzea.

The New York Times egunkariaren arabera, gainera, AEBko inteligentzia zerbitzuak uste du Errusiak zibererasoen aurrean ahulagoak izan daitezkeen herrialdeen funtsezko azpiegiturak identifikatzeko baliatzen dituela herrialde horien gaineko hegaldiak.

2019ko ekainean, AEBren eta Errusiaren irismen labur eta ertaineko misil nuklear eta misil konbentzional guztiak deuseztatzea helburu zuen Tarteko Mailako Indar Nuklearren Itunetik (INF, ingelesezko sigletan) ateratzea erabaki zuen Trumpek, eta, ondorioz, Moskuk gauza bera egin zuen. Horrek areagotu egin zuen armak erabiltzeko tentsioa handitzeko beldurra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Europa Errusia Vladímir Putin Espainia Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Zibererasoak Kanada