Mundua -

KORONABIRUSA

MOEren ustez, baliteke koronabirusa Frantziara abenduan heldu izana

2019 amaieran gaixotasunak izandako aurrerapenari buruzko zalantzak hazi egin dira, abenduaren 27an Jean Verdier ospitalean gaixo batek positibo eman ondoren.

Paris (Frantzia). Irudia: EFE
Paris (Frantzia)
Paris (Frantzia). Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko Osasun Erakundeko adituen ustez, baliteke COVID-19aren eragilea den koronabirusa Frantziara abenduan heldu izana, aste honetan azterketa mediko batek baieztatu bezala. Hala ere, kasu goiztiarrak aztertzen jarraitu behar dela azpimarratu dute ondorioak ateratzeko.

"Informazio gehiago behar dugu eta historia klinikoa zein den ikusi beharko dugu, baina baliteke Frantzian kasuren bat egon izana data goiztiar hartan", onartu du Maria Van Kerkhove MOEko Sortzen ari diren Gaixotasunen Saileko buruak.

2019 amaieran gaixotasunak izandako benetako aurrerapenari buruzko zalantzak hazi egin dira azken egunetan, abenduaren 27an Jean Verdier ospitalean laginak hartutako gaixo batek positibo eman ondoren, Txinak koronabirus berriaren berri eman baino lau egun lehenago.

Ameriketako Estatu Batuetako beste ikerketa batzuek ere COVID-19aren balizko gaixoak aipatzen dituzte herrialde horretan iazko urte amaieran. Orain arte baieztatutako lehen kasua Txinatik kanpo urtarrilaren 13an izan zen Thailandian.

Van Kerkhovek baieztatu duenez, oraingoz hobe da espekulaziorik ez egitea, baina "Wuhango lehen kasua abenduaren 1ekoa izan daiteke, hortaz, baliteke norbaitek beste toki batera bidaiatzea bertatik eta koronabirusa kutsatzea" azpimarratu du.

Herrialde batzuek gripe denboraldian hartutako lagin batzuk gordetzen dituztela eta orain horiek ikertzen ari direla COVID-19aren kasu zaharren bila azaldu du AEBetako epidemiologoak, gaixotasunaren lehen eboluzioak ezagutzeko, oraindik zalantza asko baitaude jatorriaren inguruan.

Mike Ryan MOEko Osasun Larrialdietarako zuzendariak azaldu duenez, Frantzia bezalako kasu isolatuak baliteke alarmarik ez piztea bere garaian, Wuhan hirian egin zuten bezala abenduan, une berean hainbat kasu aurkituta.

Adituak kasu posible zaharren ikerketa pausu positibo bat dela azpimarratu du, eta beste herrialde batzuetan jarraitzera animatu du, baita gaixoen laginak gordetzera ere, etorkizunean erabilgarriak izan baitaitezke.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta/edo garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina Frantzia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa MOE albisteak gaur