Mundua -

Krisi humanitarioa

'Aita Mari' ontziak erreskatatutako hiru migratzaile Lampedusan lehorreratu dira

Beste 40 migratzailek ontzian jarraitzen dute, Europako herrialderen batek portu seguru batera joateko baimena eman arte. COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak egoera zaildu du.

'Aita Mari' ontzia. Artxiboko argazkia: EFE
'Aita Mari' ontzia.
'Aita Mari' ontzia. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aita Mari ontziak erreskatatutako hiru pertsona, familia berekoak denak, Lampedusan lehorreratzea ahalbidetu dute Italiako agintariek, baina beste 40 migratzailek ontzian jarraitzen dute, Europako herrialderen batek portu seguru batera joateko baimena eman arte.

"Aita Mari ontzian zegoen familia Lampedusara eraman genuen atzo gauean. Italiako medikuen laguntza eskertu nahi dugu zalantza handiko ordu hauetan. Beste 40 pertsonentzako portu seguru baten zain jarraitzen dugu", idatzi zuen atzo Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundeak sare sozialetan.

Aita Mari Sirakusako (Sizilia, hegoaldea) portutik Pasaiarantz (Gipuzkoa) abiatu zen igandean, baina txalupa bat noraezean zegoela jakinarazi zioten. Hala, bertan zihoazen migratzaileak erreskatatu zituzten, Maltak ontziratzeko baimena eman ondoren.

Orain, Europako herrialderen batera iritsi ahal izateko baimena espero du ontziak. Testuinguru horretan, Maltak eta Italiak argi utzi dute portuak itxita izango dituztela migratzaileen ontziak iristen direnean.Horrez gain, Sea Eye Alemaniako gobernuz kanpoko erakundearen Alan Kurdi ontziak erreskatatutako 149 migratzaileak ere Mediterraneoan daude, baina Italiak porturatzeko baimena ukatu dio.

Testuinguru horretan, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak Mediterraneo erdialdean noraezean dabiltzan migratzaileen erreskate lanak zailtzen dituela ohartarazi du Oscar Camps Proactiva Open Arms itsas erreskaterako gobernuz kanpoko erakundearen sortzaileak.

Gaineratu duenez, inguru horretan ia ez dago salbamentu ontzirik lanean, eta, gainera, horiek lehorreratzeko "zailtasun bikoitza" dute orain, Europar Batasuneko estatuek koronabirusak osasun arloan eragindako krisia "aitzakiatzat" jartzen dutelako.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Migrazioa Europa Gizartea Grezia Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Turkia Italia Erroma Errefuxiatuak Malta Giza eskubideak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Aita Mari ontzia gaur Siria gaur