Mundua -
Koronabirusa
New York da orain koronabirusaren munduko epizentro handia
Orotara, hirian 159.937 positibo zenbatu dituzte, Espainian (152.446 kasu) eta Italian (143.626) baino gehiago.
Agentziak | Erredakzioa
New Yorkeko estatuak 160.000 koronabirus kasu konfirmatu ditu eta, dagoeneko, Espainiaren aurretik jarri da. AEB koronabirus kasu gehien dituen herrialdea da, epidemiaren epizentroa.
Azken datu ofizialen arabera, New Yorken 159.937 COVID-19 kasu daude. Espainian, kasu gehien dituen bigarren herrialdean, 152.446 gaixo daude, eta Italian, munduko hirugarrenean, 143.626 kasu.
New York Espainiaren aurretik jarri zen aurreko egunean, asteazkenean, baina ostegunean Madrilen aditzera emandako datuen ostean, AEB berriro jarri da aurretik.
Azken 24 orduetan, 10.000 positibo baino gehiago antzeman dituzte New Yorken; Espainian, 5.756. Kontuan izan behar da, gainera, AEBn epidemia geroago hasi zela eta azken egunetan hildakoen kopurua egunero handitzen joan da.
Ondorioz, New York da koronabirusaren munduko epizentro berria. Estatu horretan eman dira AEB osoan antzemandako kasu guztien herena.
Ia 800 hildako egun bakar batean
Hildakoei dagokienez, 7.067 pertsona hil dira New Yorkeko estatuan koronabirusaren eraginez. Espainian, berriz, 15.238.
Azken 24 orduetan, 799 pertsona hil dira New Yorken gaixotasunaren ondorioz, Espainian (683 hildako) eta Italian (610) baino gehiago.
AEB osoan, berriz, 452.000 kasu konfirmatu dituzte, beste edozein herrialdetan baino gehiago, eta 16.000 pertsona baino gehiago hil dira. Guztira, AEBan 330 milioi pertsona inguru bizi dira.