Mundua -

Koronabirusa

Europak abala eman dio maskarak dendetan eta garraio publikoan erabiltzeari

"Infekzioaren hedapena murrizteko kontrol-baliabide gisa balio lezake", adierazi du Gaixotasunak Kontrolatu eta Prebenitzeko Europako Zentroak.

Hainbat herritar, kalean, maskarak aldean dituztela. Argazkia: EFE.
Hainbat herritar, kalean, maskarak aldean dituztela
Hainbat herritar, kalean, maskarak aldean dituztela. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaixotasunak Kontrolatu eta Prebenitzeko Europako Zentroak abala eman dio maskarak jendaurrean erabiltzeari, bai COVID-19 gaitza duten eta sintomak dituztenentzat, baita sintomarik gabekoentzat ere, bereziki itxitako guneetan eta leku jendetsuetan , dendak, merkataritza-guneak edo garraio publikoa kasu.

"Maskarak jendaurrean erabiltzeak infekzioaren hedapena murrizteko kontrol-baliabide gisa balio lezake; izan ere, oraindik sintomarik garatu ez duten edo sintomarik ez duten kutsatutako herritarren arnasketa-tanten eskrezioa txikiagotzen duelako", zehaztu dute txosten berri batean. Nolanahi ere, zehaztu dute ez dagoela frogatuta "zein neurritan" murriztu ahal duen hedapena maskarak erabiltzeak.

Maskaren motari dagokionez, abala eman diete "hainbat zuntz desberdin erabilita egindako maskarei; batez ere, hornidura-arazoak tarteko, maskara medikuen lehentasuna osasun-profesionalei eman behar bazaie", azaldu dute.

Gaixotasunak Kontrolatu eta Prebenitzeko Europako Zentroak argitu du aurpegi-maskarak "neurri osagarriak" direla, ez prebentziozko neurrien ordezkoak; hau da, eutsi behar zaie gizarte-urruntzeari eta eskuen garbitasun zorrotzari, eta aurpegiarekin, sudurrarekin, begiekin eta ahoarekin kontaktua saihestu behar da. "Maskarak zuzen erabiltzea ezinbestekoa da neurria eraginkorra izateko, eta heziketa-kanpainen bidez hobetu ahal da", nabarmendu dute.

Azkenik, berretsi dute maskarak jendaurrean erabiltzearen gainean emandako gomendioek "kontuan izan behar dituztela froga zientifikorik eza, eskaintzaren egoera, eta balizko albo-ondorio negatiboak".

Munduko Osasun Erakundearen iritzia

Bitartean, Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundeko zuzendari nagusiak, astelehenean, azpimarratu zuen, prentsaurrekoan, maskara medikuak soilik gaixoentzat edo etxean paziente bat zaintzen ari direnentzat gomendatzen dutela. Hala, eskatu zuen lehentasuna osasun-profesionalek izatea, maskarak erabiltzeko, alegia, koronabirusaren aurka borrokatzen ari diren langileak.

Gainera, Munduko Osasun Erakundeak, ostegun honetan, banakako babes ekipoen zentzuzko erabileraren gaineko txostena argitaratu du; besteak beste, ohartarazi du kotoizko maskarak kutsadura-iturria izan litezkeela, ez baitira hauskaitzak fluidoen aurrean, eta, hortaz, hezetasuna gorde ahal dute eta kutsatu ahal dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa bideoak Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Koronabirusa MOE gaur Maskarak covid-19