Mundua -

Koronabirusa

542 lagun hil dira Italian, osatutako gaixoen marka ezarrita

Herrialdean, ia 140.000 kasu atzeman dituzte, krisia hasi zenetik; azken 24 orduetan, 2.009 herritar sendatu dira, COVID-19 gaitza gaindituta, kopururik altuena egun batean.

Bergamoko egoitza bat desinfektatu dute. Argazkia: EFE.
Bergamoko egoitza bat desinfektatu dute.
Bergamoko egoitza bat desinfektatu dute. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italian, asteazken honetan, 542 lagun hil dira, azken egunetako beheranzko joera berretsita; horrez gain, azken 24 orduetan 2.009 gaixo sendatu dira, eta, ondorioz, osatutako pazienteen marka ezarri da, Angelo Borrelli Babes Zibileko buruak jakinarazi duenez. Herrialdean, bitartean, azken kasuak zenbatuta, ia 140.000 kasu atzeman dituzte, koronabirusaren krisia hasi zenetik.

Borrelliren esanetan, azken egunean beste 1.195 kasu atzeman dituzte; astearteko kopurua txikiagoa izan zen, egun horretan 880 kasu berri izan baitziren. Guztira, hortaz, 139.422 kasu izan dira herrialdean pandemia hasi zenetik. Bestalde, 542 lagun zendu direnez, guztira 17.669 heriotza izan dira Italian, orain arte.

Ospitaleratuta eta Zainketa Intentsiboetako Unitateetan dauden gaixoei dagokienez, datuek behera egiten jarraitzen dute. Borrelliren arabera, 3.693 paziente daude zainketa intentsiboetan, bezperan baino 99 gutxiago, eta 28.485 ospitaleratuta, 223 gutxiago. Positibo eman dutenen % 66 etxean daude, sintoma arinekin edo sintomarik gabe; guztira, 63.084 lagun dira.

Gaitza gainditu duten gaixoen marka

Babes Zibileko buruak nabarmendu du "marka berria" ezarri dela COVID-19a gainditu duten pazienteei dagokienez. 2.099 gaixori eman diete alta; guztira, 26.491 pazientek jaso dute alta, pandemia hasi zenetik. Azken hamar egunetan, Borrellik berretsi duenez, sendaketen ia % 50 izan dira.

Azken egunean, 52.680 test egin dituzte, orain arteko kopururik altuena. Borrellik zehaztu du % 7,4k eman dutela positibo, agerraldia hasi zenetik zifrarik baxuena; horrek baieztatu egiten du hedapena moteltzen ari dela. Guztira, 800.000 analisi baino gehiago egin dituzte.

Munduko Osasun Erakundeko zuzendari orde Ranieri Guerra italiarrak ere hartu du parte eguneroko prentsaurrekoan. Guerraren ustez, oraingoz, neurriak ez lirateke bertan behera utzi beharko Italian, herrialdean eztabaida izan arren (Gobernuak apirilaren 13a baino lehen erabaki behar du): "Fase honetan, irekitzea, edo irekitzean pentsatzea, nahiko zaila da; ez gaude murriztapen garbian, abiadura moteltzen ari gara", prebenitu du. Guerrak azpimarratu du oraindik lagun asko daudela kutsatuta baina sintomarik gabe, eta horrek birusa ibiltzea bermatzen duela. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak bideoak Eguneko albisteak Albisteak Italia Osasun albisteak Koronabirusa olatu berria