Mundua -

Koronabirusa

Eurotaldeak negoziazioari ekingo dio berriz, neurri ekonomikoak desblokeatzea helburu

Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek ostegun honetan ekingo diote berriro negoziazioari, koronabirusaren agerraldiari elkarrekin adostutako erantzuna ematen saiatzeko.

Emakume bat Bruselan, Europako erakundeen egoitzaren aurrean. Argazkia: Efe.
Emakume bat Bruselan, Europako erakundeen aurrean
Emakume bat Bruselan, Europako erakundeen egoitzaren aurrean. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek akordiorik gabe amaitu zuten bart, asteazkena, koronabirusaren eragina arintzeko neurri ekonomikoak adosteko bilera, 16 orduko negoziazioaren ostean, eta gaur, ostegunarekin, ekingo diote berriro negoziazioari.

Hala iragarri du Mario Centeno Eurotaldeko presidenteak Twitter bidez zabaldutako mezu batean. "16 orduko eztabaidaren ostean, akordio batera hurbildu gara, baina ez dugu lortu. Eurotaldearen bilera bertan behera geratu da, eta bihar, osteguna, jarraituko dugu", esan du.

"Nire helburuak berdina izaten jarraitzen du, alegia, COVID-19 gaitzaren ondorioen aurkako sare indartsu bat sortzea, langileak, enpresak eta herrialdeak babesteko eta suspertze plan handi bat hitzemateko", gaineratu du Eurotaldeko presidenteak.

Bestalde, "ezohiko erronka" honen aurrean, hurrengo hitzorduan "asmo handiko akordio bat lortzeko" deia egin die Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroak estatu kide guztiei.

"Une zail honetan elkarrekin egon behar dugu. Beraz, Le Mairerekin bat egiten dut eta auzi korapilatsuak konpontzeari uko egin ez diezaietela eskatzen diet euroguneko herrialdeei, herritarrentzat egokia den konpromisoa ahalbidetzeko", adierazi du Olaf Scholz alemaniarrak.

Gauzak horrela, koronabirusaren agerraldiari elkarrekin adostutako erantzuna lortzeko ahaleginean jarraitzen du Eurotaldeak, baina Europar Batasuneko (EB) herrialdeek oraindik ez dute akordiorik lortu, desadostasun handiak baitituzte erreskate funtsaren erabileraren eta susperraldia finantzatzeko helburuarekin zorra elkarrekin jaulkitzearen inguruan (koronabonuak edo eurobonuak deiturikoak).

Gaur ekingo diote berriro bilerari, hain justu estatuburuek eta gobernuburuek euren ministroei eman zieten epea betetzen den egunean.

Sanchezek elkartasun sendoa eskatu dio Batasunari

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak azpimarratu du koronabirusaren aurrean Europako Batasunari “elkartasun sendoa” eskatzen jarraituko duela. “Ezin dugu denborarik galdu, orain edo inoiz ez”, esan du.

Kongresuan alarma egoera luzatzea eskatzeko egin duen agerraldian, Sanchezek esan du Europar Batasunaren aurrean “zorrotza” izan behar dela eta europar bonuen alde egin du, larrialdi “global eta europarraren” aurrean.

Halaber, adierazi du krisi hau konpontzeko bidea ez dela “austeritatea”.

16 orduko negoziazioa

Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroek 16:00etan hasi zuten asteartean bideokonferentzia bidezko bilera, Europar Batasuneko gainerako ministroekin batera, eta 19:00etan etenaldia egin zuten, akordiorik gabe.

Gauean negoziatzen jarraitu zuten, Europar Batasuna (EB) nahitaez atzeraldi ekonomikora eramango duen krisiari eman beharreko erantzuna adosteko. Izan ere, koronabirusaren ondorioz langabeziak gora egingo du eta horrek Europako herrialdeen ekonomien arteko desadostasunak areagotu ditzake.

Ministroek, aldebiko kontaktuak izateko eta akordiorako zirriborro bat zehazten saiatzeko baliatu zuten etenaldia, baina, oraingoz, Eurotaldeak ez du akordiorik lortu, eta azken asteotan proposatutako neurri-sortaren hiru zutabeak (bilioi erdi euro biltzen ditu) mahai-gainean daude, zenbait iturriren arabera.

Eurotaldearen azken planak hiru zutabe ditu: batetik, pandemiari aurre egiteko prestatuta dagoen Europako Egonkortasun Mekanismoaren (euroguneko erreskate funtsa) kreditu-lerro bat irekitzea; bestetik, Europako Inbertsio Bankuak inbertsioetarako 200.000 milioi euro bideratzea; eta, azkenik, langabeziaren aurkako Europako funts bat sortzea, maileguetarako 100.000 milioi erabilgarri izango dituena.

Alabaina, proposamen horrek erantzunik gabe uzten ditu Espainiak, Italiak, Frantziak eta beste sei herrialdek egindako eskaerak, eurobonuak jaulkiz, gaur egungo krisi ekonomikoari aurre egiteko behar den finantzazioa bermatzeko Europar Batasunaren zorra elkarrekin jaulkitzearen alde.

Alemania, Austria edo Finlandia, besteak beste, aukera horren kontra agertu dira. Europar Batasuneko herrialde batek zorra ordaintzeko arazoak izanez gero, gainerako herrialdeek elkarrekin hartu beharko luketelako zorra beren gain.

Bestalde, pandemiari aurre egiteko asmoz Europako Egonkortasun Mekanismoak martxan jarriko lukeen kreditu-lerroari lotutako baldintzapekotasuna da bigarren oztopo nagusia. Guztira, 240.000 milioi euro mailegatu ahal izango lizkieke hala eskatzen duten herrialdeei, esaterako, 28.000 milioi euro inguru Espainiaren kasuan, Alemaniak zabaldutako datuen arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nazioartea Europar Batasuna Europa Espainiako Gobernua Espainia Alemania Frantzia Gaixotasunak Herbehereak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Italia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Austria Finlandia Koronabirusa